2018az geroztik arduratu da Euskaraldia hizkuntza ohiturak euskarara ekartzen saiatzeaz, euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan jarduteko eta entzuteko. Ekimenean parte hartzen duten norbanakoek ez ezik, Euskaralditik defendatzen dute entitateek ere badutela "ariketa horretan zeresana eta zeregina", eta hortaz, Euskaraldia entitateetan nola zabaldu eta landu daitekeen azaldu dute San Telmo museoan egindako prentsaurrekoan. Euskaraldiko koordinatzaile Goiatz Urkijok adierazi duenez, jakitun dira "oso garrantzitsua dela Euskaraldiak entitateetan duen eraginaz. Eta ez entitateetan bakarrik, bertako kide askorentzat ere entitatea da euskaraz hitz egiteko duten eremu bakarra". Hortaz, aurten, oinarrizko egitekoez gain, euskararen erabileran bestelako urratsak emateko aukera ere izango dute entitateek: "Lanketa sakonagoa egiteko aukera emango zaie izena ematen duten entitate guztiei. Bestelako urratsak ematea hautatzen dutenei euskararen erabilera sustatzeko aurrerapausoak ematea proposatuko diegu, hala nola, ariguneak sortzea, bilerak euskaraz egiteko neurriak hartzea, mintzatratuak adostea eta abar", adierazi du Urkijok.
Entitateen babesa
Euskaraldiko arduradunez gain, Irsearaba, Osasuna eta Luma Baiona entitateetako ordezkariak ere izan dira aurkezpenean, ariketaren nondik norakoak aurkezten eta adibideak ematen. Irsearaba kooperatibako ordezkari Idoia Martinez de Lahidalgak eta Sergio Jimenezek adierazi dute Euskaraldiarekin lortu nahi dutela "euskararen erabilera areagotzea bai langileen artean baita lan egiten dugun pertsonekin ere". "Euskaraldian hartutako jarrera epe luzera mantendu nahi genuke. Lotsak alde batera utzi eta euskara aktibatzeko", gehitu dute. Osasuna kirol taldearen kasuan, klubeko kide Mikel Erbitik adierazi du beti esan dutela "Osasunak euskaraz zuela izena baina izana erdalduna izan duela urte askotan”; hala ere, 2017an egoera aldatu eta "hizkuntza eta aholkularitza batzordea sortu" zutela dio Erbitik. Azkenik, Luma Baiona haurtzaindegiko kide Patxi Amuletek adierazi du Euskaraldian parte hartzea erabaki duela "euskararen sustapena eta transmisioa Luma Baiona Haurtzaindegiaren proiektuaren bihotzean direlako". "Euskaraldiaren garaian euskaldunak ez diren familien inplikazioa indartzen saiatuko gara" gaineratu du Amuletek.
Izen-ematea irekita
Euskaraldian entitate moduan izena emateko epea irekita dago, eta informazio gehiago behar duenak, Euskaraldiko webgunean du informazioa jasotzeko eta izena emateko aukera. Norbanakoek izena emateko txanda, berriz, martxoaren 15ean irekiko da; euskaraldia.eus atarian.