Euskorpus proiektua aurkeztu dute gaur goizean Donostiako Teknologia Parkean, "euskara adimen artifizialaren iraultzara" eramateko asmoz, Eusko Jaurlaritzaren hitzetan. "Adimen artifizialaren eta hizkuntzaren potentzial osoa euskararen, gure enpresen eta ikerketaren zerbitzura jarriko du Euskorpusek. Horretarako, gure gaitasun guztiak lerrokatuko ditugu, lankidetza publiko-pribatuaren bidez, euskarazko testuen corpus digitala hobetzeko", zehaztu du Imanol Pradales lehendakariak.
Pradales ez ezik, ekitaldian izan dira, besteak beste, Ibone Bengoetxea lehendakariordea; Mikel Jauregi, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua; eta Juan Ignacio Perez, Iglesias Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburua. Euskara jalgi hadi mundura leloari egin diote erreferentzia, Bernat Etxeparek 1545ean argitaratutako Linguae Vasconum Primitiae lanean oinarrituta.
Euskara esparru digitalean "sustatu eta bermatzea" da proiektuaren asmoa, "euskararen corpus digitala bilduz, sortuz eta modu aktibo eta metodikoan garatuz". Era horretan, euskarazko datu-paketeak garatzea dute xede, fabrikatzaileek Internetera konektatuta dauden gailuetara inportatu ahal izan ditzaten, "euskaraz funtzionatzeko gaitasuna emanez. Horrela, smartphoneek, tabletek, erloju adimenduek, aplikazioek edo laguntzaile digitalek erabiltzaileekin euskaraz elkar-eragiteko gaitasuna izango dute, adimen artifiziala euskalduntzeko prozesu batekin, adimen artifizialeko tresnen erabiltzaileek hizkuntza horretan erabili ahal izan ditzaten".
Euskorporaren ardurapean
Jaurlaritzak 5,55 milioi euroko aurrekontua bideratu du proiektua abiarazteko, eta Euskorpora elkartea arduratuko da jardun horretaz, "lankidetza publiko-pribatuan" oinarrituta, proiektuaren parte baitira berarekin batera Vicomtech, Ereil Technologies, Trebe Language Technologies, Euskaltzaindia, Baleuko, Mixer, EITB, CAF, MCC, Petronor, Euskaltel Fundazioa, Kutxabank, PWV eta Logikaline.