Laboral Kutxako ordezkarien hitzetan, hazkunde ekonomikoa izan da banku zentralen "kezka nagusia" 2024an, baina nabarmendu du "errentagarritasun leihoak aparteko emaitzak sortzen jarraitu" duela urtean zehar bankuen sektorean, eta euren kasua ez dela salbuespena izan, 274 milioi euroko irabaziak izan baitzituen iaz, %23,3ko igoerarekin aurreko ekitaldiko emaitzekin alderatuz gero. "Laboral Kutxaren jarduna ezin hobea izan da errentagarritasunari dagokionez; negozio arlo nagusiek, gainera, ekarpen orekatua izan dute, eta arriskuaren gestioa egokia izan da. Urteko bigarren seihilekoan puntu bat jaitsi bada ere gordailutzeko erraztasuna, goranzko joera sendoa erakusten duen emaitza lortu du, azken urteotan efizientzia handiz jokatu izanari esker".
Kreditu kooperatibak, horrenbestez, "banku-jarduera gauzatzeko bere eredu desberdin, kooperatibo eta eraldatzailearen ezaugarriak berretsi" ditu, "finantza-osasun sendoa erakutsita: horri esker erresilientzia handiagoa du, eta hurrengo ekitaldietan emaitzak sortzeko abantaila lortu du, banku negozioaren finantza-adierazle nagusien hobekuntzak agerian uzten duenez".
Emaitzak, laburrean
Emaitzei dagokienez, Laboral Kutxarenak "ohiko banku-negozioaren oinarri sendoan" eraiki direla adierazi dute ordezkariek, datu batzuk aipatuz: esaterako, %14,9 handitu da interes-marjina, eta zerbitzu komisioen sarrerak %4,6 hazi dira; are gehiago, oinarrizko marjina %12,9 handitu dela erantsi dute. Badira, ordea, emaitza makalagoak: "Marjina gordinak %25,7 egin du gora urtetik urterako konparazioan, eta 753,5 milioira heldu da, nahiz eta finantza-eragiketen emaitza negatiboa izan, zor publikoko zorroen salerosketa-eragiketan kontabilizatutako minusbalioen ondorioz".
Balantzea
Laboral Kutxaren baliabide bitartekotuak 31.452 milioi eurora iritsi ziren iaz, %0,77ko hazkundea erdietsita. Horrez gain, familien eta enpresen baliabideek %5eko igoera izan dute, batik bat aurrezki kontuetan eta epe finkoko gordailuetan; eta baliabide horietan, gainera, 2.150 milioi eurotik gorako hazkundea izan du entitateak, %59,8ko igoerarekin. Inbertso-zerbitzuei dagokienez, bezeroen konfiantza "handitu" egin da, eta "inbertsio-funtsen ondarea %20,2 igo da". Hala, nabarmendu dute azken hiru urteetan "goranzko dinamika nabarmena" izan dela, eta inbertsio-zerbitzuak indartzen jarraituko duela. Balantzetik kanpoko baliabideetan, berriz, pentsio-planek eta bizitza-aurrezkiko aseguruak %15,5eko hazkundea izan dute.