Gipuzkoak 6.070 milioi euro bildu ditu 2024an, aurreko aldian baino %1,8 gehiago, Eider Mendoza diputatu nagusiaren hitzetan, iazko bilketaren emaitzen berri eman baitu Gipuzkoako Batzar Nagusietan. Haren hitzetan, 2024ko datuek "konfiantza" ematen dute, eta "lurraldeko ekonomiaren sendotasuna erakusten" dute: "Harreman komertzialetan eta geopolitikan aro berri baten atarian gauden honetan, 2024ko itxierak erakusten digu ekonomia lehiakorra dugula, Euskadik bere osotasunean bezala".
Mendozak, era berean, zerga-bilketari buruzko datu "positiboen" balioa azpimarratu du, eta enplegua eta enpresen jarduera ere aintzat hartu du, "zifra onak" izan dituztela iritzita: "Horri balioa eman behar diogu, baina badira nolabaiteko kezka sortzen duten faktoreak, hala nola urteko azken txanpako esportazioen beherakada, Ameriketako Estatu Batuetatik muga-zergen arloan iristen zaizkigun albisteak edo Europako merkatu nagusien ahulezia".
Arreta industrian
Munduan zehar "ezegonkortasuna handitzen" ari dela dio diputatu nagusiak, eta "industria defendatzeko urtea" izan behar dela 2025a: "Industria sektore berriak garatzen jarraitzeko momentua, eta gizarte politiketan eta zainketen eraldatzean inbertitzeko urtea". Eta elkarlana jarri du horren giltzarritzat: "Herritar guztien ongizatearen mesedetan, ekonomia eta gizarteko eragileen elkarlan betean jardutea ezinbestekoa izango da; hala, dei egiten diet batzarkide taldeei lankidetza horretara batzeko, erreforma fiskala gauzatzeko adostasunari ateak zabalduz".