Gipuzkoako enpresen salmentak %0,7 igo dira 2024an

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko ots. 12a, 15:13

Eraikuntzako langile bat lanean.

Lurraldeko konpainien salmenten, esportazioen eta inportazioen, enpleguaren bilakaeraren eta soldaten berri eman du Gipuzkoako Foru Aldundiak, txosten batean bildutako emaitzak oinarri.

Gipuzkoako enpresen salmentak %0,7 igo dira 2024an, Irune Berasaluze Gipuzkoako Foru Aldundiko bozeramailearen hitzetan. Ogasun eta Finantza Sailak iazko abenduan eginiko txostenean jasotako datuetatik ateratako ondorio bat da, baina ez bakarra, Berasaluzek azpimarratu baitu hazkunde hori "barne salmenten igoerari (%1,7koa) zor" zaiola, "batez ere zerbitzuen sektorearen portaera onak" bultzatuta, beste sektoreetan ez baitago datu hoberik: "Industria sektoreari dagokionez, ez da aldaketarik izan; eraikuntzan, salmentak %3,9 jaitsi dira. Zerbitzuen sektoreak Gipuzkoako ekonomiari, horrenbestez, bultzada eman dio, industria eta eraikuntza moteldu diren bitartean".

Berasaluzeren arabera, "ziurgabetasun ekonomikoaren testuinguruak eta Europar Batasuneko herrialde batzuek erakutsitako ahultasunak" eragin du Gipuzkoan: "Zuzenean eragin du Gipuzkoako esportazioen jaitsieran, baina ehun ekonomikoa sendo mantendu da barne salmenten bultzadari esker, eta horri esker enpleguaren hazkundeari eta soldaten igoerari eutsi zaio".

Txosteneko datu gehiago

Txostenak iazko abenduko datuak ditu aintzat, eta, hala, ondorioen arabera, barne-salmentek portaera positiboa izan dutela nabarmendu du Berasaluzek, %5,1eko igoera izan dutelako; behera egin dute, hala ere, esportazioek, %9,1eko jaitsierarekin. "Hala ere, hileko balantzeak %0,3ko igoera erakusten du salmentetan. Sektoreka, eraikuntzak izan du jaitsierarik handiena (-%4,9), eta ondoren industriak (-%0,5); zerbitzuenak, aldiz, %1,8 hazkunde izan du".

Esportazioetan ere arreta jarri dute, eta, emandako informazioaren arabera, Gipuzkoako enpresek eginikoek %1eko jaitsiera izan dute, "Europako herrialdeen jarduera geldotzeak" eragina izan duela iritzita, Europar Batasunerako esportazioak %4 jaitsi direlako. "Aitzitik, gainerako herrialdeetarako salmentak %2,7 igo dira". Are gehiago, foru bozeramaileak erantsi du "ahultasun zantzuak" nabari direla inportazioetan ere.

Enpleguari dagokionez, positiboagoak dira datuak, Berasaluzek nabarmendu baitu Gipuzkoako lan merkatuak "sendo eta hazten" jarraitzen duela: "2024an enplegua %1,7 hazi da. Sektoreka industrian izan da hazkunderik handiena (%2,1) eta, ondoren, zerbitzuenak (%1,3koa). Jaitsi egin da, hala ere, eraikuntzan: %0,9ko jaitsiera, 2023arekin alderatuta".

Horrez gain, soldatei ere erreparatu diete txostenean: "Lurraldeko enpresek %6,4 igo dituzte ordainsariak 2024an. Soldata-hazkunderik handiena industria-sektorean izan da (%7,2), ondoren zerbitzuetan (%6,3) eta eraikuntzan (%2,7). Langileen bataz besteko ordainsaria %5 igo da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak