Gipuzkoako industria-enpresak, "lurraldeko ekonomiaren eragile nagusiak, gero eta kezkatuago daude euren merkatuen ziurgabetasunaren" inguruan, Jose Miguel Aiertzaren, Adegiko zuzendari nagusiaren, hitzetan, Koiuntura Ekonomikoari buruzko Inkesta izenpean eginiko galdetegitik ateratako ondorioak gogoan izanda, sektore horretan diharduten ia hiru konpainiatik batek –hain zuzen ere, %27k– erantzun hori eman duela nabarmenduta.
Datu aipagarritzat jo duten arren, ordea, Aiertzak aipatutako emaitza ez da inkestetatik ateratako ondorio bakarra izan, aldi berean aintzat hartu baitituzte merkatuen egoera, fakturazioa eta salmenta, eskari-zorroa, ekoizpen ahalmenaren erabilera, lan plantilla eta kezka-faktoreak.
Dozenaka ondorio
Merkatuen egoerari dagokionez, Gipuzkoako enpresen gehiengoaren ustez, "nahiko egonkorra" izan arren, "handitu" egin da atzeraldiarekiko aurreikuspena, merkatuen egoera "atzeraldikoa" dela uste baitute hamar konpainietatik ia bik, eta datozen hilabeteetan "okerrera" joko duela; euren egoera berraktibatu daitekeela uste duten enpresen kopurua, gainera, %23,5ekoa da.
Fakturazioaren eta salmenten arloan, berriz, emaitzetan azpimarratu dutenez, %1,2 hazi da aurreko hiruhilekoarekin alderatuta –urritik abendura arteko datuak dira orain aurkeztu dituztenak–, eta igoera izan da hiru sektore hauetan: industrian, %0,7koa; eraikuntzan, %1,3koa; eta zerbitzuen sektorean, %3,3koa. Enpresen eskari-zorroari erreparatuz gero, ordea, %3 inguru jaitsiko da aurreko hiruhilekoaren aldean, zerbitzuen sektorean mantenduz soilik igoera. Edozelan ere, plantillak mantentzea edo handitzea aurreikusten du enpresen %90,5ak.
Kezka-faktoreak
Gaur-gaurkoz, inkestako emaitzen arabera eta Adegik azpimarratu duenez, enpresen erdiak "lan kostu altuak" ditu kezka nagusitzat, eta kezkagai bihurtzen ari da nazioarteko ekonomiaren ahulezia ere; hirugarren kezkatzat, berriz, "lan-absentismoa" dute aipagai hamar enpresetatik hiruk baino gehiagok.