Master Cupeko txapelketatik kanpoko norgehiagoka batekin hasi dute gaur eguerdian pilota jaialdia Aretxabaletan. Iturrigorriko harmailak goraino bete dira berezi Irati Betegi aretxabaletarra bertatik bertara ikusteko, eta zaleek gozatzeko moduko norgehiagokaz gozatu ahal izan dute. Betegik Miren Larrarterekin batera osatu du bikotea, eta aurrean izan dituzte Aldai-Capellan bikotea. Norgehiagoka parekatuta hasi da, baina minutuek aurrera egin ahala urdinak nagusitzen joan dira. Betegi seguru ibili da atzean, eta Larrartek oso partidu txukuna egin du aurrean. Hala, Aldaik nahi baino huts gehiago egin ditu aurrealdean, eta hori ondo aprobetxatu dute urdinek garaipena eskuratzeko (22-17).
Ondoren sari batzuk banatzeko tartea hartu dute garikoitz Iturbe alkateak eta Juan Mari Errasti pilota saileko arduradunak, izan ere, goizeko lehen orduetan kategoria txikiagoetako norgehiagokak ere izan dira, eta Bartzelonatik etorritako pilotariei oroigarria eman diete. "Emakumeen esku-pilota egun zoragarria bizi izan dugu gaur Aretxabaletan, erreferente diren pilotariekin", adierazi du Errastik. Eta, ondoren hasi da Master Cupeko partidua.
Puntua Zabaleta eta Osesendako
Arrizabalaga-Bergara bikoteak orain arteko puntu guztiak irabazita zituzten, baina gaur txanponaren beste aldea ezagutu behar izan dute Iturrigorrin, izan ere, Goiuri Zabaletak eta Uxue Osesek 22-12 hartu dituzte mendean. Egungo bi aurrelaririk erabakigarrienen arteko lehiak ikusmina piztu du eta txapelketako lehen fasean gertatu zenaren kontra, gaurkoan garaipena Zabaletarendako eta Osesendako izan da. Gaur azken horiek ondo ibili dira, eta kontrara, Arrizabalaga eta Bergara ez dira euren ohiko mailan ibili. Hala, bista da Urrezko Liga honetan dagoen mailarekin, bere onena emateko gai ez direnek oso zail dutela 22ra heltzea.