Langabeziak ez du aldaketa handirik izan urtebeteko epean Debagoienean. Hain zuzen ere, iazko urtarrilean %7,90ekoa zen langabezia-tasa, eta, egun, urtebete igaro ondoren, %7,85ekoa da: hau da, datu absolutuei erreparatuz gero, 2.424 pertsona zeuden lanik gabe ordu hartan, eta, egun, 2.395 dira; alegia, 29 gehiago.
Herriz herriko egoerari dagokionez, 47 langabe daude Antzuolan, orain dela urtebete baino hamahiru gutxiago; Aretxabaletan, 192 dira, iazko urtarrilean baino 28 gutxiago; Arrasaten, 1.116 dira, 11 gehiago; Bergaran, 544 (+30); Elgetan, 26 (+1); Eskoriatzan, 159 (+3); eta azkenik Oñatin, 311 (-28). Leintz Gatzagan ez da jakinekoa zenbat langabe dauden, bost baino gutxiago direnean ez baitu datu zehatzik ematen Gipuzkoako Lan Behategiak. Horrela izan da orain arte Aramaion ere, baina, azken datuen arabera, ez dago langabe bat bera ere herri horretan.