Abisu horia zuen iragarrita Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak gaurko Gipuzkoan eta Euskalmetek esana zuen haizea indartsu ibiliko zela. Debagoienean ere igarri da haizea ohikoa baino baldarragoa zela; haizeguneetan igarri da batez ere. Elgetan, esaterako, zuhaitz bat erori da haizetearen ondorioz Asentziora bitarteko errepide zatian, Olatza baserrirako sarrera parean. 12:00etan jaso dute larrialdietan deia eta ordubete egin du itxita errepideak; 13:00etan zabaldu dute. Asentzio inguru horretan eta Elgetan bertan edukiontziak ere lurreraino bota ditu haizeak.
Oñatin ere ondo atzematen zen haizearen indarra. Ez da Gipuzkoako eskolarteko krosa bertan behera uzteko besteko indartsua izan, baina ikusten eta entzuten zen ohikoa baino indartsuagoa zela. Udaltzainek jakinarazi dutenez, herriguneko teilatu bateko teilak bota ditu haizeak, trafiko seinale bat ere lurreraino bota du eta ertzean zegoen hesia errepide erdirako bultzatu. Eskoriatzan, bestalde, San Pedro auzoko etxebizitza bateko balkoiko zati bat jausi da behean aparkatuta zegoen ibilgailu baten gainera. Goizean egitekoak ziren zuhaitz landaketa, baina, egin dute Eskoriatzan; baita Bergaran ere.
Antzuolan, bestalde, patioko obrako bi panel askatu egin dira haizearen indarrarekin eta bat lurrera jausi da eta bestea zintzilik gelditu da. Ez da, baina, ezer gertatu, obrako langileak berehala joan dira eta ondo jarri dituzte.