Zarauzko Ikastolari babesa emateko elkarretaratzeak egin dituzte bailarako Ikastoletan

Hasier Larrea 2025ko urt. 24a, 17:45

Aranzadi, Txantxiku eta Arizmendi Ikastoletan babesa adierazi diete Salbatore Mitxelena Ikastolari, Hezkuntza Sailak  "bidegabeki" zigortu duelako 140.000 euroko isunarekin.

Aranzadi Ikastolak, Txantxiku Ikastolak eta Arizmendi Ikastolak deialdia egin dute gaur arratsaldean, Zarauzko ikastolarekin elkartasuna adierazteko eta ikastolek matrikulazio prozesuan pairatzen dituzten "murrizketak eta neurrigabekeriak" salatzeko.

2023ko urtarrilean Hezkuntza Sailak argitaratu zuen agindu berrira jo behar da testuingurua ulertzeko. "Ikasleak matrikulatu eta onartzeko agindu horren helburua, ustez ikasle zaurgarrien banaketa orekatua egitea eta eskaintza eskaerara egokitzea zen", adierazi dute ikastoletako ordezkariek.

Hala ere, ordutik matrikulazio prozesuak "gorabeheratsuak eta gatazkatsuak" izan direla argudiatu dute, Zarauzko kasua jarriz adibidetzat: "Hezkuntza Sailak, ageriko arrazoirik gabe, 2 lerrotara mugatu zuen Salbatore Mitxelena ikastolaren matrikulazioa, ordura arteko plangintzetan 3 lerro esleituta zituenean. Erreklamazio eta alegazio segida guztiak alferrikakoak izan ziren. Salbatore Mitxelena ikastolako komunitateak bere komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabalik mantentzea erabaki zuen, Hezkuntza Sailak ezarritako justifikaziorik gabeko murrizketei planto egiteko hautua eginez". Ondorioz, Hezkuntza Sailak Ikastola zigortzeko prozedura jarri du martxan, 140.000 euroko isuna tarteko.

2025-2026 matrikulazio prozesuaren atarian, Hezkuntza Saileko ikuskariak ikastolara bertaratu izana ere  jarri dute jomugan: "Langileak, gurasoak eta haurrak jazarriak, miatuak eta zelatatuak sentitu dira".

"Planifikaziorako muga ezberdinak"

Bukatzeko, segregazioarekin amaitzeko neurriak hartzearekin "ados" daudela adierazi dute, "baina planifikaziorako mugak ez zaizkigu berdin ezartzen Euskal Hezkuntza Zerbitzu Publikoa eskaintzen dugun hezkuntza sare guztiei, eta hori horrela den bitartean, Ikastolok ateak irekitzen jarraituko diegu gure hezkuntza eredua aukeratzen duen familia orori. Horrela adostu genuen Ikastolok 2024ko ekainaren 22an Iruñean ospatu genuen 7. Batzarrean".

Nahi izanez gero, kontu-korronte zenbaki honetan egin daiteke isuna ordaintzen laguntzeko ekarpen ekonomikoa: ES73 2095 5212 1091 2486 7983.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak