Lerrook irakurtzen dituzuenerako, gizonezkoen Bergarako Ohorezko Erregionaleko jokalariak aste barruko entrenamendu saioetan "egurra" jasota egongo dira. Hori da domekako derbia amaitu berritan Bergarako entrenatzaile Iker Ruiz de Larramendik GOIENAri iragarri ziona, umore tonuan, baina taldeak lehenengo zatiaren amaieran izan zituen minutu txarrekin minduta. "Oraindik ez dakit zer gertatu zaigun, ulertu ezinik nago". Izan ere, 36. minututik 46. minutura Julen Zelaiak –birritan– eta Joseba Larreak 3-0ekoa ezarri zuten. "Eta kategoria honetan horri buelta ematea oso zaila da".
Aloña Mendiri meriturik kendu barik, oñatiarrei egindako opariak ezin dituztela errepikatu nabarmendu zuen Ruiz de Larramendik, eta hausnartu beharra zeukatela. "Goian egoteko halakoak ezin ditugulako gehiago egin". Izan ere, 2024a aurrealdekoen borrokako saltsan zebiltzala agurtu zuten, urteko azken partiduan Zumaian 3-3 berdinduta, baina ordutik hona izan dituzten bi porrotek aurrekoen trena galtzera eraman ditu. "Beti Gazteren zelaira goaz domekan (16:30), eta Aloña Mendiren antzerako taldea da; gogorrak dira, zelai txikia dute, eta ez dute baloirik oparitzen. Han irabazteko, intentsitatez jokatu behar dugu, eta baloia lehiatzeko hanka sartu".
Aloña Mendik, etxean
Hain zuzen, Bergararen kontrako garaipenari esker arnasa hartu duen Oñatiko taldeak etxean jokatuko du ostera ere, eta atzealdeko postuetan kontrario zuzena den Urola izango dute aurrean (16:30). 2025a bikain hasi duen Mondrak –bi garaipen–, berriz, hirugarren postuan dagoen Oiartzunen zelaian jokatuko du domekan (11:30).
Debagoiena Bailara, lider
Emakumezkoen Ohorezko Erregionalean Bergarak ere txakalaldia izan du, eta Ostadarren zelaian saiatuko dira, zapatuan, egoera zuzentzen (16:00). Gorengoen mailan Debagoiena Bailara oso ondo dabil, lider da gaur egun, eta Ordizian jokatuko du, zapatuan (16:00). Mondrak, berriz, Seguran jokatuko du, domekan (17:00).