Bailarako ikastolek elkarretaratzeak egingo dituzte Zarauzko ikastolaren alde

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 23a, 15:22

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolan martitzenean eginiko agerraldia.

Ikastolako ordezkarien hitzetan, Jaurlaritzak ezezkoa eman zien ikastetxean matrikulatu nahi zuten zortzi familiari 2023an, baina "ateak ireki" zituztenez, 140.000 euroko isuna jaso dute.

Euskal Herriko Ikastolen Elkartearen deialdiari jarraituz, bailarako ikastolek –Aranzadi, Arizmendi eta Txantxiku– elkarretaratzeak egingo dituzte bihar, hilaren 24an, Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolari "elkartasuna agertzeko" eta ikastolek "matrikulazio prozesuan pairatzen dituzten murrizketak eta neurrigabekeriak" salatzeko: Arrasaten, Arimazubin eta Gazteluondon izango da, 16:45ean; Aretxabaletan, Basabeazpin, 16:45ean; Eskoriatzan, Jose Aranan, 16:45ean; Bergaran, Seminarioko patioan, 12:30ean; eta Oñatin, ikastolako Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako patioan, 16:30ean.

Zarauzko ikastolako ordezkariek martitzenean eginiko agerraldi batean salatu zutenez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 140.000 euroko isuna jarri dio ikastetxeari. Haien hitzetan, zortzi familia "kanporatu" nahi izan zituen sailak 2023-2024ko ikasturteko matrikulazioan, baina horri uko egin zion ikastolak: "2023ko otsailean, Hezkuntza Sailak, ageriko arrazoirik gabe, bi lerrotara mugatu zuen Salbatore Mitxelena ikastolaren matrikulazioa, ordura arteko plangintzetan hiru lerro esleituta zituenean. Erreklamazio eta alegazio segida guztiak alferrikakoak izan ziren. Ikastolako komunitateak bere komunitatearen eta proiektuaren parte izan nahi zuen orori ateak zabalik mantentzea erabaki zuen, Hezkuntza Sailak ezarritako justifikaziorik gabeko murrizketei planto egiteko hautua eginez".

Ekarpen ekonomikoa

Hala nahi duenak, ekarpen ekonomikoa egin dezake, kontu korronte bat jarri baitute herritarren eskura: ES73 2095 5212 1091 2486 7983.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak