Banatu dituzte 'Matx' zozketako sariak

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 24a, 12:00

Aratz Losada, Matx-eko kidea, eta Unai Mendikute, erosketa-bonuaren irabazlea, saria jasotzen. Irudia: Matx.

Matx.eus sare soziala jarraitzen duten erabiltzaileek izan dute parte-hartzeko aukera, eta hiru sari banatu dituzte guztira. Sare hori handitzea dute asmo proiektuko kideek.

Tokiko kirolaren sare sozialak zozketa bat iragarri zuen joan den urtearen amaieran, eta sariak banatu ditu: Eusko Label Winter Series erremonte txapelketako bi sarrerak @Jm601214 erabiltzaileak irabazi ditu; Euskaltel Euskadi taldeko maillota, berriz, @pirido-k; eta Forum Sport dendako 300 euroko erosketa-bonua, azkenik, @umen erabiltzailearendako izan da.

Hala, Matx-ek eskerrak eman dizkie sare sozialean erregistratu eta lehiaketan parte hartu duten guztiei. Saridunak zoriontzearekin batera, gainera, Laboral Kutxak eta Euskaltel Euskadik emandako laguntza ere eskertu du.

Kirolaren bestelako ikuspegia

Matx-eko kideen hitzetan, edukiak dira euren "indargune nagusia", eta "gertuko kirolaren bestelako ikuspegi bat" erakusteko "ikus-entzunezko ganberroak" ekoizten dituzte: "Kluben arteko desafioak, inkestak, jokoak, elkarrizketak... ikus daitezke, besteak beste, sare sozialean. Toki komunikabideen kirol albisteak ere irakurri daitezke, era berean". Halere, sare sozial bat izatea da euren apustua, eta, horrenbestez, erabiltzaileak jarri nahi dituzte "erdigunean: kirolarien, kluben eta kirolzaleen komunitatea josi nahi dugu, eurek elikatu eta aberastuko baitute sarea".

Abantailak eskaintzan

Matx.eus-en erregistratzen diren erabiltzaileei abantailak eskaintzea dute helburu proiektuko kideek: "Batetik, Matx-ek sortzen dituen edukiak osorik ikusteko aukera bakarra izango da; eta bestetik, interesen araberako albisteak jasotzeko aukera ere eskainiko da: kirol modalitatea, herria eta bailara aukeratuta, besteak beste. Hala, haiei loturiko albisteak irakurri ahal izango ditu erabiltzaileak". Are gehiago, erantsi dute "klubentzako leiho berri bat" ere izango dela, "euren berri emateko eta zaleengandik gertu egiteko euskarazko plataforma" delako. "Egun, 600 erabiltzaile baino gehiago osatzen dute tokiko kirolaren sare soziala".

Izen-emateari dagokionez, erregistratzeko, bidea "oso erraza" dela azaldu dute: Matx.eus webgunera jo behar da lehendabizi, eta Sortu kontua klikatu, eskatzen diren datuak beteta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak