Canal Roya amaierako teleaulkian gertatu da istripua eguerdi aldera. Ibilbidearen amaieran gurpilari eusten dion pieza hautsi da eta akats bat eragin du mekanismoaren tentsioan. Hainbat debagoiendar zeuden eski-estazioan ezbeharra gertatu denean, eta GOIENAk jakin ahal izan duenaren arabera, gaur gaurkoz, zaurituen artean ez dago bailarakorik.
Ondoko teleaulkian zihoan Roberto Moreno arrasatearra: "Dirudienez, beste teleaulkiaren polea hegan atera da eta balantzea egin du. Teleaulkiak ezegonkortu dira. Eski-estazioa itxi egin behar dutela esan digute. Hasiran, pentsatu dugu matxura bat zela, baina gero konturatu gara zer gertatu den". Familiarekin joan da asteburu-pasa Moreno astebururo moduan. Adierazi du semea beste talde batekin zebilela eskiatzen, eta hura aurkitu arte "urduri eta beldurtuta" egon direla.
June Larzabal eskoriatzarra kuadrillako beste hirurekin joan da asteburu pasa Astunera eta estazioan zeuden gertaeraren unean, ezer ikusi ez badute ere: "Teleaulkia jauzita ondoren ikusi dugu. Estazioa itxi dute".
Erreskate lanak
Mikel Arriola aretxabaletarra trabesia egiten ari zen une horretan Bergarako eta Arrasateko lagun banarekin eta teleaulkiak geldirik nahiz helikopteroa ikusi dituela azaldu du: "Ikusi ez dugu egin. Behera heldu garenean esan digute 14-20 pertsona zauritu direla. Guk lau helikoptero ikusi ditugu goian; 20 anbulantzia, guardia zibilak, suhiltzaileak...".
Roberto Morenok dio ondorena "kaosa" izan dela: "Anbulantziak, 6-7 helikoptero, jendea esku-ohetan... Kaosa izan da. Estazioko langileak mediku eske ikusi ditugu. Ebakuazio plana oso ondo egin dute niretzat".
Arriolak gaineratu du jendeak esan diela Hego Euskal Herritik helikopteroak erreskate lanetara joatekoak zirela.
Jakako guardiako epaitegiak hartu du gertakaria ikertzeko ardura eta senitartekoendako informazio-telefono bat jarri dute: 976 71 59 80.