Debagoieneko karaoke ikuskizun arrakastatsuena bueltan da. Lehen geldialdia Bergaran egingo du eta Bergarako, Antzuolako eta Elgetako 21 taldek eman dute izena. Prestatu dituzten kantuak nahiz koreografiak taularatuko dituzte datorren asteburuan Bergarako Seminarixoan. Zozketa bidez banatu zaizkie abestiak, eta horiek jaso bezain laster hasi dira entseguekin. Hala, gaur goizean 19 taldek, entseguak egin dituzte Irizar jauregian –arratsaldean egingo dituzte falta diren bik–. Emanaldiak adi-adi jarraitu ditu Beñat Arizabaleta aurkezleak eta hobetzeko gakoak nahiz gomendioak eman dizkie Seminarixoko oholtzan ahalik eta ondoen egin dezaten.
Egokitutako abestiekin gustura agertu dira gaztetxoak, eta kantuak ezagutu arren, letrak goitik behera ikasi behar izan dituzte. Zenbait ikaslek lehenengo aldiz hartu dute parte, baina beste zenbaitek ere errepikatu du aurreko edizioan bizitako esperientzia aparta errepikatzeko.
Beñat Arizabaleta aurkezle
Errepikatuko duena aurkezlea bera izango da, Beñat Arizabaleta aretxabaletarra. "Niretzako plazer hutsa da musikarekin eta emanaldi munduarekin zerikusia duen zerbaitetan lan egitea", adierazi du.
Entseguetan "sekulako maila" dagoela ikusi du: "Gogo askorekin etortzen dira haurrak. Azkenean, haiendako sekulako esperientzia da telebistan agertzea, kantuan eta dantzan eurak prestatutako emanaldia ikusteak asko esan nahi du eurendako. Ilusio handiarekin etortzen dira eta hori erakusten dute entseguetan". Aurrez lan asko eginda etortzen direla azpimarratu du aurkezleak, baina zuzeneko emanaldia hobetzeko gomendioak ematen dizkiela.
9. edizioa berrikuntzekin
Indarberrituta dator Kantari saioaren 9. aldiz. Izan ere, kantu berriak estreinatuko ditu: En Tol Sarmiento, Huntza, Nogen, Kai Nakai... taldeen abesti berriak izango dituzte. Horrekin batera, iruditegi eta eszenografia berria ere izango du ikuskizunak: "Irudi berrikuntza egon da. Logotipo berria eta horrek iruditegi berria ekarri du. Bestalde, oholtzako apaingarriak aldatu egingo dira". Ez du gauza handirik aurreratu nahi izan Arizabaletak, eta debagoiendarrak saioa ikustera animatu ditu.
Bergarako saioaren ostean, Aretxabaletan, Oñatin eta Arrasaten egingo dituzte emanaldiak, hurrenez hurren.