Aurreko saio denak bezalaxe, Bergarako Seminarixoak hartu zuen bart VI. Danbaka Debagoeneko Musika lehiaketako final handia eta piztu zuen musika-zaleen interesa, aretoa jendez bete zen-eta tenperatura aldetik hotza izan arren giro eta musika aldetik beroa izan zen gauaz gozatzeko.
Jokin Bereziartua eta Maddi Iñarra aurkezleen gidaritzapean, Jon Garcia arrasatearraren Del Val proiektua izan zen popetik edaten duten doinuekin gauari hasiera eman ziona. Ondoren igo ziren agertokira Rebel Noise taldekoak, bertaratu ziren zale askok dagoeneko badakizkiten punk-rock estiloko abestien erakustaldia egitea. Oñatiko Malkok borobildu zuen finalisten gaua eta abesti berri bat ere estreinatu zuten emandako kontzertuan zehar.
Behin egin beharreko guztiak eginda, epaimahaikideek nabarmendu zuten bakoitzak egindako kanporaketa kontuan hartuta, hiru taldeek ere koska bat egin dutela gora. Azkenean Malkori eman zioten sari nagusia, disko bat grabatzeko aukera emango diena.
Sari gehiago
Seigarren aldia izan duen Danbaka borobiltzeko beste bi sari ere banatu zituzten atzo: K-Po bergararrak bideoklip bat egin ahalko du lortutako Publikoaren sariari esker eta 721 Gogor Gabiltza talde aretxabaletarral maiatzaren 30ean eta 31n egingo den Ekinez jaialdian joko du Danbaka-Ekinez saria poltsikoratuta.
Primeran plataforman zuzenean
Aurreko saio guztietan bezala, DJ sesio batek girotu zuen kontzertutik kontzerturako tartea; oraingo honetan, Turtukiña Kolektiboko Jone Albeniz eta Ainhoa Narbaiza aritu ziren chill out gunean.
Finalak, baina, izan zuen berezitasunik. Batetik, Primeran plataforman zuzenean jarraitu ahal izan zuten Seminarixora gerturatzetik izan ez zutenek. Eta horretaz gain, bertaratutakoek gogoan izan zuten zendu berri den Goienako lankide Ziortza Martin.