Mastodonen izango da aurrerantzean Goiena Komunikazio Taldea

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 20a, 07:50

Goiena Komunikazio Taldearen kontua Mastodon sare sozialean.

Tokikom osatzen duten hedabideek sare sozial horretara jauzi egiteko hautua egin dute, "hainbat komunitate txiki osatutako sare bat" delako eta bere helburua "erabiltzaileen arteko komunikazioa sustatzea".

Mastodon sare sozialean izango da aurrerantzean Goiena Komunikazio Taldea, martxan baitu @goiena@tkm.eus erabiltzailea, Tokikomek abian jarri duen tkm.eus zerbitzariaren bidez. Horrez gain, Debagoieneko herri guztiek dute euren kontua, eta baita kirola eta kultura arloek ere. Mastodoneko erabiltzaileek, horrenbestez, nahi izanez gero, kontu horiek jarraitzeko aukera dute dagoeneko.

Tokikom osatzen duten hedabideek –tartean da Goiena Komunikazio Taldea– ohar bidez azaldu dutenez, "aspalditik" dabiltza "kezkatuta sare sozial korporatiboek hartu duten norabidearekin", eta uste dute "zerbait egiteko unea" dela: "X, Facebook, Instagram, TikTok, Youtube... sare horietan gero eta nabarmenagoak dira desinformazioa, eskuin muturreko interesen defentsa eta erabiltzaileen osasun mental eta fisikoaren gaineko kalteak, eta gaiztotze prozesu hori bizkortu egin da azken urtebetean". Horregatik erabaki dute, hain zuzen ere, Mastodonera jauzi egitea.

Haien hitzetan, "hainbat komunitate txikik osatutako sare bat da" Mastodon, eta haren atzean ez dago "korporazio multinazional gaiztorik, bere helburu bakarra erabiltzaileen arteko komunikazioa sustatzea" delako: "Hala, Tokikomek tkm.eus zerbitzaria sortu du, Mastodon sareko zerbitzari bat, tokiko informazioan espezializatua, eta bertan ireki dugu kontua taldeko hainbat eta hainbat komunikabidek".

Bat egiteko deia

Fedibertsoa sustatu eta indartu nahi duen erakunde, kolektibo eta pertsona talde batek Goazen lagunok egitasmoa sortua du, eta, haren kanpainarekin bat eginez, Goienak dei egin die jarraitzaileei: "Korporazio erraldoien menpeko sare sozial komertzialetatik Mastodon bezalako sare sozial irekietara pasatzeko: algoritmorik gabe, eta batez ere, geuretik eta geuretzat sortua".

Hala, Mastodonera batu eta Goienako kontua –@goiena@tkm.eus– jarraitu nahi izanez gero, azaldu dutenez, Mastodoneko kontu batetik egitea da "errazena: dagoeneko Mastodon kontu bat baldin badaukazu, Mastodoneko bilaketa kutxan gure kontua sartu, eta berehala jarraitu ahalko duzu; oraindik ez baduzu, euskaraz funtzionatzen duten bi zerbitzari daude aukeran, eta haietan kontu berria irekitzea oso erraza da". Hain zuzen ere, mastodon.eus eta mastodon.jalgi.com dira zerbitzari horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak