Euskal presoen eskubideen urraketekin "behin betiko" amaitzeko eskatu dute Bilbon

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2025ko urt. 11a, 18:51

Sare Herritarrak antolatutako mobilizazioa gaur arratsaldean. Irudia: Sare Herritarra.

Sare Herritarrak antolatuta, manifestazioa egin dute gaur arratsaldean La Casillatik abiatuta, Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza lelopean. Debagoienetik autobusak antolatu dituzte hara joateko.

Milaka lagun elkartu dira, beste urte batez, Bilboko kaleetan Sare Herritarrak antolatutako urtarrileko mobilizazioan. Euskal presoen eskubideen urraketekin "behin betiko" amaitzea izan dute aldarri, eta antolatzaileek eskerrak eman dizkiete hara gerturatu diren herritarrei: "Eskerrik asko euskal preso, iheslari eta deportatuentzako konponbidea aldarrikatzeko gaur Bilbora etorri zareten guztioi. Zuen indarra eta konpromisoa ezinbestekoak dira behin betiko bakea, konponbidea eta elkarbizitza lortzeko". Nabarmendu dutenez, "pozik" daude herritarrek izan duten erantzunarekin.

La Casillatik abiatu da manifestazioa arratsaldeko bostetan, eta milaka herritar batuak ziren han ordurako; tartean, zenbait debagoiendar, autobusak antolatu baitituzte bailaratik. Mobilizazioaren buruan zihoazenen artean, berriz, besteak beste, Jose Luis Elkoro izan da, Bergarako alkate ohia, eta jendetzak jarraitu die atzetik: antolatzaileek ez dute datu zehatzik eman, baina 60.000 lagun batzea espero zutela adierazi dute mobilizazioaren aurretik. Amaitzean, berriz, Bego Atxak eta Joseba Azkarragak, Sare Herritarreko bozeramaileek, hartu dute hitza udaletxeko eskaileretan; eta ondoren, Lluis Llach eta Gorka Knörr musikariek Txoriak Txori abestu dute. Ines Osinaga musikari arrasatearra ere han izan da, Dena aldatzen da eta Behin betiko kantekin.

Eskariak plazara

Sare Herritarrak, manifestazioaren amaieran, zenbait eskari atera ditu plazara: "Indarkeriarik gabeko bakea nahi dugu, baina bidegabekeriak ez digu balio. Salbuespen-neurriek presoen askatasunerako bidea eragozten dute. Horrek ezin du jarraitu". Horrez gainera, epaileengana ere zuzendu da, "legeak betetzeko" direla azpimarratuta: "Zigorren konputua aplikatzeko atzerapenak preso asko kartzelan mantentzen ditu behar ez direnean". Azkenik, euskal espetxe-administrazioari ere mezu bat helarazi dio: "Gradu-progresioak arindu eta espetxeetatik kanpo zigorrak betetzeko moduak ahalbidetu behar dira. Harresiak gainditu behar dira".

Hala, eskaerak bete ezean, "behar den guztietan", euskal gizarteari deituko diola adierazi du mugimenduak: "Bakea, konponbidea eta elkarbizitza aldarrikatzeko prest gaude beti. Orain da garaia".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak