Senior mailan, emakumezkoen ligan, Euskadiko Txapelketatik datoz oñatiarrak, eta hasi berria den proiektua da bergararrena; bada, hori nabaria izan da gaurko partiduan, Oñatiko taldeak lehen minutuetatik hartu baitio aurrea Bergarakoari: 8-19 amaitu dute lehenengo zatia, eta 18-35ean zegoen markagailua partiduaren amaieran, Oñatiko Construcciones Ugarteren alde. "Esperantza puntu bat bagenuen, baina espero genuen horrelako partidu bat izatea, oñatiarrek guk baino maila altuagoa izatea", adierazi dute Alazne Mujikak eta Maddi Bengoak, Bergarako Mondragon Lingua taldeko jokalariek. Hala ere, euren aurtengo helburua ez da oñatiarren maila berean egotea, baizik eta taldea sendotzea: "Hasiberriak gara; gehienak bost urteren ondoren elkartu gara. Ikasten gabiltza, eta prozesu honetan gozatzea eta hobetzea da gure asmoa".
Oihane Lazkanoiturburuk, berriz, Construcciones Ugarteko taldekideak, partiduan izan dituzten sentsazioen berri eman du: "Taldea ondo ikusi dut. Egia da momentu batzuetan agian intentsitatea jaitsi dugula eta defentsan batzuetan ihes egiten zigutela, baina, orokorrean, oso ondo". Halere, partidua "erraz" irabazi dutela dio: "Entrenamenduetan-eta egindakoa praktikan jartzeko partidua izan da guretako, hurrengoetan gauza ezberdinak egiteko". Era horretan, partiduak irabaztea eta mailaz igotzea dute helburu: "Oraingoz, nahiko ondo gabiltza. Orioren aurka dugu datorrena, eta partidu zaila izango da, baina gogotsu gaude".