Urtea hastearekin batera, egutegiak senior mailako bi derbi ekarriko ditu astebururako: batetik, emakumezkoen ligan, Bergarako Mondragon Linguakoek eta Oñatiko Construcciones Ugartekoek bigarren itzuliko norgehiagoka jokatuko dute, zapatu arratsaldean, Labegaraietan (13:00). Joaneko partiduan, Oñatin, bistan geratu zen bi taldeen artean alde handia dagoela (36-20), eta helburuak ere ez dituzte berberak: oñatiarrak Euskadiko Txapelketatik datoz eta Bergarakoa aurten hasi berri duten proiektua da. Eta, hala ere, txantxikuei kosta egin zitzaien liga hasieran erregulartasuna lortzea, baina azken lau partiduak jarraian irabazi dituzte.
Lehen puntuak Bergarak
Bergarakoen kasuan, mahoneroek pisu handia kendu dute gainetik. Bergararrek duela bi jardunaldi erakutsi zuten ligako lehenengo garaipena iristear zetorrela, Usurbilekoen kontra eskura izan zituzten-eta denboraldiko lehen puntuak. Hala, partidu lehiatua jokatu ondoren, norgehiagokako azken jokaldian hartutako erabaki txar batek ekarri zuen esku hutsik bueltatzea (24-25), baina etxekoei konfiantza hartzeko balio izan zien norgehiagokak. Eta urtea amaitu aurretik iritsi dira ligako lehenengo puntuak, La Salle Legazpikoei 23-24 irabazi zieten eta.
Gizonezkoen derbia Iturripen
Gipuzkoako ligan diharduten Soraluce BKE, Mugarri Ingou eta Fagor Professional taldeen artean, bergararrak dira ondoen dabiltzanak, bosgarren postuan daude. Eta, hain zuzen, mahoneroen bisita izango dute pattal dabiltzan arrasatearrek (zapatua, 15:45), Iturripen. Herreroren mutilek partidu bakarra irabazi dute ligan, eta Gabon aurretik jokatutako azken derbian, oñatiarren kontra, behea jo zuten (36-25). Bada, goialdeko postuen trena galdu nahi ez duten bergararren kontra nahi dute egoera iraultzen hasi. Azkenik, liga hasieran makal ibili diren txantxikuak hasi dira motorrak berotzen, azkeneko hiru partiduak jarraian irabazi dituzte, eta bihar Zarautzen jokatuko dute (17:30).