Horrek esan nahi du makina bat lagun egon dela, izen-ematea zabaldu zuten unean ordenagailua edo poltsikoko telefonoa eskuetan, izena eman guran. Eta minutu batzuez despistatu zena kanpoan geratu da. Mendi lasterketetan –edo bestelako kirol proba edo kultura ikuskizunetan– parte hartzen ibiltzen direnak ohituta daude euren agendetan egun eta ordu jakin horiek gordetzera, bereziki arrakasta izaten duten lasterketetako dortsalak segituan agortzen direlako.
Ganix Lasa, Mondraitzeko kidea: "Izen-emateekin harreman sanoagoa izan beharko genuke; ea sistema hobea den. Gainkostu batzuk ditu, baina gure gain hartuko ditugu. Jendea lasaiago ibiliko da, eta justuagoa da. Gainera, beti egongo da lehengo sistemara bueltatzeko aukera"
Hala, asko dira Arrasate-Udalatxeko edota Aloñako Igoerako irteera puntuan egon nahi izaten duten korrikalariak, baina aurten ere ez da denendako tokia egongo. "Ez dakigu esaten guztira zenbat lagun geratzen diren kanpoan, izena emateko orduan askok gailu bat baino gehiago erabiltzen dutelako izen-ematea tramitatzeko. Arazoa ez da egoten izen-ematearen webgunean bertan, baina bai ordainketa egiteko orduan. Sistemak pasabide berri batera bideratzen zaitu, eta tarte horretan jende asko pilatzen denean etortzen dira arazoak eta haserreak", dio Aloñako Igoerako antolatzaile Pablo Arejolaleibak. "Arrasate-Udalatxen urtero izaten dugu gutxienez 100 laguneko itxarote-zerrenda, eta aurten ere ez dira gutxiago izango".
Pablo Arejolaleiba, Aloñako Igoerako antolatzailea: "Azkeneko urteotan korrikalariek bi lasterketa egin behar izan dituzte: Aloñako Igoerakoa bata eta bertara izena ematekoa bestea. Hori amaitzea nahi dugu, jendea ez dadila estresatuta ibili, ea ze emaitza ematen duen, eta baloratuko dugu gero"
Zozketa bidez egingo dute
Hori amaitzeko, aurten zozketa bidez banatuko dituzte dortsalak. Arrasate-Udalatxen (apirilak 13) izena emateko epea astebetekoa izango da: urtarrilaren 20an (00:00etan) hasi eta urtarrilaren 26an (23:59an) amaituko da (kronoak.com). Eta izena ematen dutenen artean otsailaren 8an zozketa bidez 400 dortsal banatuko dituzte –arrasatearrendako 100 dortsal gordeko dituzte–. Aloñako Igoeran (apirilak 27) 300 dortsal salduko dituzte, eta 80 oñatiarrendako gordeko dituzte.
Oñatiarren izen-ematea urtarrilaren 18an 10:00etan zabalduko dute, eta urtarrilaren 19an 20:00etan itxi; ohiko metodoa jarraituz, zozketa gabe. Izen-emate orokorrerako zozketaren izen-ematea, berriz, urtarrilaren 20tik urtarrilaren 23ra bitarte izango da. Eta zozketa urtarrilaren 24an egingo dute.
Aloñako Igoerak 20 urte
Aurten, gainera, Aloñako Igoerak bi hamarkada beteko ditu, eta, hori ospatzeko, ohiko lasterketarekin batera, egubakoitzean (apirilak 25) Buetraitzeko kilometro bertikaleko lasterketa egingo dute.