Caja Rural-Seguros RGA taldeak aurkeztu ditu aurtengo denboraldian errepidean izango dituen ziklistak, 24 guztira, eta horietako hamar dira berriak. Ez da Jose Lopezen (3.urtea) eta Julen Arriolabengoaren (2. urtea) kasua, horiek profesional mailan beste koska bat aurrera egiteko helburuarekin egingo dute eta lan. Lopez (Arrasate, 2000) dagoeneko profesional mailan egonkortu den ziklista da, lehenengo garaipena ere lortu du, eta aurten beste pauso bat egin nahiko du aurrera. Arriolabengoak (Eskoriatza, 2001), berriz, iazkoa izan zuen profesionaletako lehen urtea, eta egokitzapen fasearen ondoren maiatzetik aurrera erakutsi zuen bere lekua profesionaletan dagoela.
Debagoieneko bi ziklista horietakin batera, talde filialak ere aurkeztu ditu 2025era begira izango dituen txirrindulariak, eta hor ere bailarako bi ordezkarik taldean jarraituko dute, Aimar Madinak (Oñati, 20 urte) eta Aimar Erostarbek (Oñati, 21 urte). Biek ala biek esperientzia handia pilatu dute 23 urtez azpiko kategorian eta aurten beste aurrerapauso bat ematea izango da helburua.
Aurredenboraldiko lehen stage-a, batera
Denboraldia prestatzen joateko lehenengo egonaldia elkarrekin egin zuten bi taldetako ordezkariek, abenduan. Mojacarren (Almeria) batu ziren taldeko ordezkari denak, eta 2025eko oinarriak finkatu zituzten. Hala, taldeen aurkezpen ofiziala urtarrilaren 21ean egingo dute, Iruñeako Hotel El Toro de Berrioplano-n.