Gipuzkoako Federazioko selekzioak irabazi du Gabonetako hiruko txapelketa

Hasier Larrea 2024ko abe. 30a, 16:30

Debagoieneko konbinatua eta Reala mendean hartuta, Arizmendi Kirol Elkarteak XIX. aldiz antolatu duen torneoko garaikur nagusia eraman du lurraldeko futbolari kadetez osatutako taldeak.

Ibarra futbol zelaian jokatzen den Gabonetako torneoan senior mailakoek hartzen zuten parte 2022ra arte, baina badira bi urte kadete mailakoen txapelketa bihurtu dela. Helburuak, ordea, berdina izaten jarraitzen du: "Emakumeen futbolak ikusgarritasuna izatea. Halako txapelketek ilusioa eta motibazioa eragiten diete jokalariei eta irrikitan egoten dira jokatzeko. Gabonetako txapelketa hau sortu zenean askoz aukera gutxiago zeuzkaten emakumeek, eta gaur egun oso errotuta dago Aretxabaletan, jende ugari etortzen da ikustera", azaldu du Mikel Aizpuruak, Arizmendi Kirol Elkarteko koordinatzaileak.

Bergara, Aloña, Arizmendi eta Mondrako bosna jokalarik osatu dute Debagoieneko konbinatua, elastiko berdearekin. Gipuzkoako Federazioaren selekzioan lurraldeko taldeetako hainbat jokalari aritu dira, eta, Realean, kadete mailako lehen urteko beste hainbat.

Debagoienak eta Gipuzkoak jokatu dute lehen neurketa, 45 minutuko zati bakarrekoa, eta kanpokoak gailendu dira 4-0. Bailarako jokalariek Reala hartu dute jarraian, eta 2-0 galdu dute. Hirugarren norgehiagokan erabakiko zen, beraz, nor izango zen txapelduna. Gol bakarra sartuta, GFFkoentzako izan da lehen postua.

Ildo beretik, atzo infantilak, alebinak eta benjaminak aritu ziren Ibarran, eta giro polita sortu zen zelai barruan eta kanpoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak