Gipuzkoako Foru Aldundiko, Eusko Jaurlaritzako eta lurraldeko hainbat udaletako, tartean Arrasateko eta Oñatiko, ordezkariek hartu dute parte Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak egin duen 2024ko azken batzar orokorrean.
Bertan, Mugi sistemak eskaintzen dituen hobariak mantentzea erabaki dute, baita 2022ko irailetik Mugi txartelaren erabiltzaileei aplikatzen zaien %50eko deskontuari eustea ere. Onartu denaren arabera, neurria 2025eko ekaina amaierara arte mantenduko da. Espainiako Gobernuak deskontuaren %30 hartuko du bere gain; Eusko Jaurlaritzak, %10; eta tokiko erakundeek beste %10.
12 urtetik beherakoak, doan
Era berean, onartu dute 12 urtetik beherakoek garraio publikoan doan bidaiatu ahalko dutela. Modu horretan, zabaldu egingo da orain arte 6 urtetik beherakoei ezartzen zitzaien abantaila. Neurri berria urtarrilaren amaieran edo otsailaren hasieran jarriko da indarrean. 12 urtetik beherako haurrek, doakotasun honetaz baliatzeko, derrigorrez gazte txartel eguneratua izan beharko dute, txartel berria eskatzeko beharrik barik.
Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzak, azkenik, tarifak %3 igotzea ere onartu du.