"Duela gutxi utopia bat zirudien arren, emakumeen esku pilotak lortu du urte guztia iraungo duen lehiaketa egutegi trinko bat osatzea eta Lau eta Erdiko arrakastatsu baten ostean, urteko txapelketarik luzeena den Binakako Txapelketa Nagusiaren txanda heldu da", azaldu dute Emakume Master Cupeko arduradunek aurkezpenean.
Aurten ere kategoria ezberdinak izango dira: Gaztetxoak, gazteak, promesak eta lehen maila. Eta, azken kategoria horretan zortzi bikotek hartuko dute esku. Antolatzaileek berrikuntzak egin dituzte aurtengo lehiaketa sisteman. Zortzi bikote hauek lauko bi multzoan banatuko dira lehen fase batean eta talde bakoitzeko bi bikoterik onenek bigarren ligaxka baterako txartela eskuratuko dute. Bigarren ligaxka honetan finalerdietarako gurutzaketak erabakiko dira, hau da, lehenek laugarrenen aurka eta bigarrenek hirugarrenen aurka jokatuko dute. Finalerdiak Laudion jokatuko dira, martxoaren 23an, eta finalak, aldiz, apirilaren 6an, Oiartzunen.
Arrizabalagak seigarren txapela nahi du
Nabarmentzeko moduko izenen artean, ezin aipatu gabe utzi lesio baten ondorioz Lau eta Erdiko txapelketari uko egin behar izan zion Olatz Arrizbalaga. Bere txapelketa kuttunerako osatu da eta bere seigarren txapelaren bila abiatuko da. Gernikarrak atzelari desberdinekin lortu ditu bost txapel hauek, azkena Itxaso Erasunekin eta aurten Arrate Bergararekin arituko da. Gainontzeko bikoteen maila ezagututa, ez dute lan errazik izango, sekulako maila baitago aurtengo parte hartzaileen artean. Aldai-Zabalak, Garai-Mendizabalek eta Zabaleta-Osesek osatuko dute A taldea eta Etxegarai-Arrillaga, Salsamendi-Erasun, Arraiza-Gaminde eta Uriarte-Capellanek osatuko dute B multzoa.