Raul Jimenezek Espainiako Enduro TT Txapelketa irabazi du

Idoia Aranbarri Arzuaga 2024ko abe. 26a, 15:04

Raul Jimenez 'Zeta' garaipena ospatzen. (Argazkia: R.J.).

Eskoriatzan bizi den Raul Jimenez Zeta arrasatearrak 2024ko Espainiako Enduro TT Txapelketa irabazi du. Hiru urte daramatza Asturiasko Federazioarekin lehiatzen eta Asturiaseko Txapelketa hirugarren postuan amaitu du. Kirol arloan "urte borobila" izan duela adierazi dio GOIENAri.

Ia 30 urte daramatza motorren bueltan Zeta-k eta denboraldi aparta egin du aurtengoan. 2023ko azaroan Sardinian jokatu zen Munduko Enduro Txapelketan zazpigarren sailkatu zen, eta aurtengo otsailean hasi zuen Espainiako estatuko denboraldia. Aurreratu duenez, fisikoki "hainbeste preparatu gabe" ekin zion urteari, baina arlo mekanikoan, motorrean, hainbat aldaketa egin zituen.

Azaldu duenez, aurreneko lehiak norbere nahiz aurkarien maila nolakoa den ikusteko izaten dira, eta lehendabiziko postuetan sailkatzea lortu zuen: "Lasterketaz lasterketa ikusi nuen, denboraldi ona egiteko aukerak nituela. Gehiago prestatu eta, azkenean, irabazi dugu".

Dena den, aurreratu du ez dela urterik onena izan denboren aldetik, baina aldaketak eginda, burua erabilita eta zorte pixka batekin lortu duela helburuak betetzea.

2025era begira

Munduko Enduro Txapelketa Polonian jokatuko da, eta aurreratu duenez, litekeena da bertara joateko deitzea. Halaber, belaunean lesioa du, eta lesioa sendatzea lehenetsi du: "Urtarrilean egongo naiz medikuekin eta esaten dutenaren arabera, ikusiko dut denboraldiarekin hasi ala ez".

Otsailean hasiko da Espainiako Txapelketa, baina jakinarazi du ez dela helduko. Era berean, bestelako txapelketak baditu jomugan, eta entrenamendu modura aprobetxatuko dituela dio.

Eskertzak eta eskaerak

Elkarrizketan gogoan izan ditu familiako kideak eta kuadrillakoak: "Eskerrak eman nahi dizkiet familiari, Ainara, Ohina, Nahia... Beti datoz nire lasterketa guztiak ikustera eta ni baino gehiago sufritzen dute. Nire gurasoei, arreba, Marc eta kuadrillari hainbeste urtetan jasateagatik eta eurak dila motorraren parte eta arte".

Horrekin batera, eskerrak eman dizkie babesle guztiei; batez ere, babesle diren Debagoieneko komertzio txikiei.

Gainera, Debagoieneko udalei ere mezua bidali die: "Debagoienean lasterketak egiteko erraztasunak eskatu nahi dizkiet. Zale asko ditugu, baita eremu ikusgarria kirol hau praktikatzeko".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak