Egun hauetan Gurutze Gorriko 25 boluntario baino gehiagok garatu dute Debagoienean Jostailu-Hezitzailea programa, eta Gabon Egunean Debagoieneko hainbat familietako txikiek opariak jaso dituzte kanpainari esker.
Debagoieneko Gurutze Gorriko presidente Javier Igartuak adierazi du, Gurutze Gorritik urtean zehar jasotzen dituzten dohaintza guztiak eskertzen dituztela, baina data hauetan haurrendako jostailuen dohaintzek "esanahi berezia" duela: "Badakigu jokoak, adin txikietan, etorkizun oparoago batekin amets egitea ahalbidetzen duela, harreman positibo eta eraikitzaileagoak indartzen dituen bitartean".
Horrenbestez, jostailuen dohaintzak jaso dituzten 147 familiak egoera ahulean dauden familiak izan dira, 12 urtetik beherako seme-alabak dituztenak eta Debagoieneko udalerrietan bizi direnak.
Boluntarioen lana beharrezko
Igartuak gogora ekarri du boluntariotza dela Debagoieneko Gurutze Gorriaren proiektuak bultzatu eta aurrera ateratzen dituena. Horregatik, azaldu du Gurutze Gorrira hurbiltzen den edozein herritarrek hainbat proiektutan har dezakeela parte, eta adibideak ere eman ditu; besteak beste, bakarrik bizi diren adinekoak bisitatzea, egoitzetatik irteerak antolatzea, kirol-ekitaldietan osasun-estaldurak eskaini edota Jostailu-Hezitzailea bezalako programetan parte hartzea.
Hala, informazioa behar duenak, 943 76 55 76 telefono zenbakira deitu dezake edo bestela altodeba@cruzroja.es helbide elektronikora idatzi.