Sare Herritarrak beste ziklo bat hasi du udazken honetan, Behin betiko lelopean. Dinamika horren bidez, "behin betiko irtenbide justua" aldarrikatuko dute euskal preso, erbesteratu eta deportatuendako, bai eta "tratamendu justua" ere "indarkeriaren bikti- ma guztien- dako". Testuinguru horretan antolatuko dituzte Gabonetarako Debagoienean presoen aldeko ekimenak ere.
Antzuolan, abenduaren 24an luntxa, saskiaren zozketa eta argazkia egingo dituzte, 12:30ean, Zurrategin; Arrasaten, abenduaren 31n ekitaldia egingo dute, 19:00etan; Aretxabaletan, urteko azken egunean, 11:00etan, Kurzebarrin argazkia egingo dute, eta 19:00etan elkarretaratzea plazan; Bergaran, abenduaren 24an San Martin plaza kantuz alaituko dute eta 15:00etan itsaski-janaren zozketa egingo dute; Oñatin, abenduaren 21erako, 12:00etan plazatik irtengo den ibilaldia antolatu dute, eta urteroko kuadrillen arteko areto futbol txapelketa egingo dute abenduaren 26an eta 27an, presoen alde, Zubikoa kiroldegian; azkenik, Eskoriatzan, abenduaren 21ean, 09:00etan hasita, frontenis txapelketa egingo dute, presoen alde, Joseba Iñurrategi pilotalekuan.
Horrez gain, herri guztietan egingo dira abenduaren 27an azken ostiraletako ohiko elkarretaratzeak. 19:00etan izango dira Antzuolan, Aretxabaletan eta Eskoriatzan eta 19:30ean, berriz, Arrasaten, Bergaran eta Oñatin.
Bestalde, urtarrilaren 11n Bilbon egingo den manifestaziora joateko autobusak egongo dira, goizez eta arratsaldez, herri guztietan.