Avanzako langileek gaur dute 2024ko azkenengo greba eguna. Goizeko 2:00etan emango dute amaitutzat greba, baina horren aurretik, mobilizazioa egin dute Arrasateko kaleetan zehar. Garratzen eman diote hasiera, eta Kontzezino kalean bukatu dute.Hainbat pertsona mobilizatu dira "Hitzarmena ez da Avanzarekin dugun arazo bakarra, beste bat baizik" zioen pankartaren atzetik.
Langile batzordeak aurten izandako greba egunen balorazio positiboa egiten duela adierazi du Fermin Iregik, LAB sindikatuko kideak: "Momentuz pozik gaude. Jendeak jarraitu du, ehuneko oso handiekin, %90etik gora, eta gu komite bezala, oso pozik gaude".
Iregik adierazi du Avanzak "greba denak bertan behera uztea" nahi duela, baina, baldintza aldetik ez dietela ezer garrantzitsua onartu: "Beraiek irabazten irteten diren gauzak bakarrik onartzen dizkigute. Horiek onartu egin dituzte, beraien komenentziarako onak direlako. Baina, beste denetan, guretzako onuragarri direnetan, ez dute ezer ematen".
Mobilizazioekin jarraitzeko asmoa
Iregik azaldu du gaur izan dutela bilera, mobilizazio aurretik, eta hurrengo urtean mobilizazioak egiten jarraitzeko asmoa dutela: "Momentuz asmoa mobilizazioekin jarraitzea da. Ez dugu egutegia egin, baina datorren urtean jarraitu egingo dugu, seguru".