Arineketan agurtuko dute 2024a Debagoienean

Julen Murua Mesonero 2024ko abe. 30a, 21:00

Bi korrikalari, iaz, Bergarako helmugara iristen.

San Silvestre probek hartuko dituzte bailarako hainbat herritako kaleak urteko azken egunean. Bergarakoa mendiko lasterketa izango da; Arrasaten, Aretxabaletan, Eskoriatzan eta Oñatin, berriz, errepidean egingo dute korrika.

Korrika amaituko dute urtea Debagoienean, beste urte batez. Errepidean edo mendian, baina San Silvestre lasterketak izango dira urteko azken eguneko protagonistak bailarako zenbait herritan. "Bergaran 347 parte hartzaile indibidual eta 75 bikote misto" egongo direla iragarri du Hankaluze taldeko kide Maria Sanchezek. "Guztira 497 pertsonak eman dute izena; iaz baino gehiagok. Kopuru horretatik, 154 dira emakumezkoak; korrikalarien %34", Sanchezek jakinarazi duenez. 12:00etan hasiko da lasterketa, eta ohikoa baino kilometro bat gehiago izango duela aurreratu du Sanchezek: "Lasterketak 7,4 kilometro izango ditu, ohikoa baino kilometro bat gehiago; Laboratoriumetik igaro ezin denez, inguratu egin beharko delako izango da luzeagoa. Desnibel positiboari dagokionez, 395 metrokoa izango da". Trail lasterketaren aurretik, 11:30ean, San Silvestre lasterketa solidarioa egingo da. Antolakuntzakoek adierazi dute txikienen lasterketa solidarioa egiteaz gain "aurten helduek ere euren ekarpena egiteko tartea" izango dutela, "ekimena indartzeko asmoz". Hala, "helmugan hainbat kaxa jarriko dira, eta edozeinek egin ahal izango du, janari bitartez, ekarpenen bat".

Gainontzeko herrietan ere bai

Bergaran ez ezik, bailarako beste zenbait herritan ere antolatu dituzte San Silvestre lasterketak. Arrasaten, esaterako, Urtea Musakolan bukatu, zure etxean, gure herrian! lelopean egingo dute arineketan, Zigarrolan. Goizean irtengo dira arrasatearrak herriko kaleetan korrika egitera; haurrak 10:30ean eta helduak 12:00etan. Gainera, lehenengo gizonezkoaren eta lehenengo emakumezkoaren sariez gain, mozorro onenak ere saria jasoko du han. Oñatin (16:30) –2024, ixa 2025 lelopean–, Aretxabaletan (17:00) eta Eskoriatzan (17:30) arratsaldean jokatuko da helduen lasterketa; aurretik, gaztetxoenek izango dute herriko kaleetan korrika egiteko aukera, Oñatin 16:00etan, Aretxabaletan 16:45ean eta Eskoriatzan 12:00etan. San Silvestre lasterketak hasi aurretik egongo da horietan izena emateko aukera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak