Arantzazu Loidik jantzi dio Gipuzkoako txapela Alaia Martini

Sara Lanz 2024ko abe. 15a, 10:44

Alaia Martin eta Arantzazu Loidi txapela jantzi ostean. Argazkia: Euskal Herriko Bertsozale Elkartea

Alaia Martinek irabazi du 2024ko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Beñat Gaztelumendirekin buruz-burukoa jokatu ostean

Gipuzkoako 2024ko Bertsolari Txapelketak badu txapelduna, Alaia Martinek 1099,5 punturekin lortu du lehen postua. Illunbeko plaza bertsozalez bete da gaur arratsaldean: 6.500 lagun elkartu dira bertan. Almeneko bertso-eskolaren 50. urteurrena izan du ardatz aurtengo txapelketak, eta lehen haurren bertso eskola hartako ikasle izan zen Arantzazu Loidik jantzi dio txapela Martini.

15:30ean ateak zabaldu, eta aulkiak betez joan ziren bertsozaleak, 17:00etarako dena prest zegoen arte: antolatzaileak, gai-jartzaileak, epaileak, bertsozaleak eta, nola ez, zortzi bertsolariak: Alaia Martin Etxebeste, Andoni Rekondo Izagirre, Ane Labaka Mayoz, Aner Peritz Manterola Euzkitze, Beñat Gaztelumendi Arandia, Eneritz Artetxe Eizagirre, Nerea Elustondo Plazaola eta Oihana Iguaran Barandiaran. Ane Ezenarro Beristainek aurkeztu zuen saioa.

«Irakasle guztiei gure aitormena / eta joan zirenei ere aipamena / noraino iritsi den hasi zenutena», kantatu zuen Loidik. Haren ondoren kantatu zuen txapeldunak agurra: «Bihurtu ditzagun lagunak bizitzaren tenplu / badakitenak zer, noiz, nola eta non galdetu / entzuten gaituztenak nahiz ta pixkat logaletu / ta etxe bihurtzen dutenak edozein ezleku / mendeko hitza bihurtu den hontan ‘mendeku’ / disolba dezagun eskuina ta auzoa ezkertu / egon gaitezen lagunekin hauskor ta inperfektu / elkarrengandik gertu eta elkarrentzat gertu».

Horrela geratu da sailkapena:

  1. Alaia Martin Etxebeste. 1.099,5 puntu.
  2. Beñat Gaztelumendi Arandia. 1.054,5 puntu.
  3. Oihana Iguaran Barandiaran. 637 puntu.
  4. Ane Labaka Mayoz. 626 puntu.
  5. Aner Peritz Manterola Euzkitze. 617 puntu.
  6. Nerea Elustondo Plazaola. 590 puntu.
  7. Andoni Rekondo Izagirre. 578,5 puntu.
  8. Eneritz Artetxe Eizagirre. 574,5 puntu.

Patxi Goikoleak, Aner Periz Materola 'Euzkitze'-ri

Bestalde, 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria Aner Peritz Manterola Euzkitze-k jaso du, Patxi Goikolea Zabalaren eskutik: Larraitz Iparragirre Guenetxea artista eskoriatzarrak egindako obra bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak