Talde guztiak pasa dira Seminarixoko oholtzatik, epaileen ordua da

Xabier Urtzelai 2024ko abe. 14a, 09:38

Danbaka musika lehiaketako laugarren jaialdia izan da bart Bergaran, eta beste behin, estilo eta proposamen ezberdinen eskaparatea izan da Seminarixoko oholtza. Arrasateko Ondare taldekoek izan dute gau hotza –kanpoan– berotzen hasteko ardura eta ondoren etorri dira Aretxabaletako Maider Mimi –Maider Trevino–, Aretxabaletako 721-Gogor Gabiltza eta Arrasateko Banana Shake.

Bart gaueko tenperatura hotzek taberna edo areto barruetan egotea eskatzen zuten, eta alde horretatik Seminarixoko giroa ere berotzen joan da gauak aurrera egin ahala. Zentzu horretan, DJ Balza-k meritua izan du kanpoko chill out gunea girotzen ibili delako, garai ezberdinetako rock-and-roll doinuekin. Emanaldia hasteaz batera, gorputzek tenperatura hartzen joateko ardura Ondarek izan du, eta hori ez da erraza izaten. Hala, ohikoak diren street-punk-Oi! doinuetatik harago proposamen berritzailea egin du, melodien bila joan barik erritmo aldaketetan oinarritu dute euren ikuskizuna eta garrantzitsua dena, gozatu egin dute oholtzan.

Maider Mimiren proposamenak ikuskima sortu du, pertsona bakarra taulagainean, ordenagailu batek lagunduta... Ez zen erronka txikia. Rock oinarrien laguntzaz abesten hasi da eta pare bat kanturen ondoren zenbait azalpen eman dizkie ikusleei, abestiek zer aldarrikatzen duten azalduz: bullinga, sexu erasoak... Amorrutik egin du berba, eta emanaldi intimo horretan jarrera ere baduela erakutsi du. Amaiera aldera kitarra elektrikoa eta akustikoa ere hartu ditu eta hasieran urduri bazegoen ere, ondo defendatu du lana.

Aretxabaletako 721-Gogor Gabiltza taldekoek lagun talde handia eraman dute Seminarixora, eta eurek girotu dute gaua. Seguruenik oholtza gainera zazpi kideak egon diren momentuak izan dira ikusgarrienak, eta momentu horiek hiru lagun egon diren uneekin tartekatu dituzte. Bada, trapa eta punka bateratu dituzte eta dena eman dute emanaldian.

Eta gaua irekitzen duen lehenengo taldea izatea zaila izaten den moduan jaialdiari amaiera ematen diona izatea ere ez da erraza izaten. Eta Arrasateko Banana Shakekoak saiatu dira ikusleak dantzan jartzen. Punk sinfonikoa eginez, hasierako minutuetan kosta egin zaie berotan sartzea, baina jarraian erakutsi dute etxerako lanak eginda dituztela –bigarren diskoa atera dute– eta azkenaldian emandako kontzertuekin sasoian daudela. Hala, bertsio ezagunak ere jo dituzte, gauari amaiera borobila emanaz.

Laugarren emanaldi honekin amaitu da Danbakako lehen fasea. Hurrengo geltokia, finala, urtarrilaren 17an.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak