Debagoieneko EH Bilduren hitzetan, ohar bidez adierazi duenez, "Avanza multinazionalak Transportes Pesa erosi zuenetik erabiltzaileak mugikortasun arazo handiak" izaten ari dira azken aldian; bada, hortaz jarduteko asmoz jo dute asteon Gipuzkoako Batzar Nagusietara Maider Morras Arrasateko alkateak, Gari Iturbe Aretxabaletakoak eta Izaro Elorza Oñatikoak: "Azken hilabeteetako arazo larriek argi utzi dute kalitate galera gertatu dela Debagoiena eta ibilbide luzeko emakida zerbitzuan ordutik eta, Aldundiak egoera konponbidean jartzeko pausorik eman ez duenez, EH Bilduk proposatu du Gipuzkoako Batzar Nagusiek berehalako neurriak exijitzea Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuari".
Hain zuzen ere, atzo, hilak 11, izan zen Batzar Nagusien osoko bilkura, eta Gipuzkoako EH Bilduk jarri zuen gaia mahai gainean, Azahara Dominguez Mugikortasun diputatuari galderak eginez.
Eskatutako neurriak
EH Bilduk, batetik, eskatu du Debagoiena eta Debabarrena eskualdeak Donostia, Bilbo eta Gasteizekin lotzen dituen garraio zerbitzuaren emakida berritzeko prozesua "berehala" jar dadila martxan, eta "zerbitzua dagokion kalitatezkoa izan dadin, emakida esleitzeko kontratazio prozedura hurrengo urtean amaituta" egon dadila; bestetik, autobus flotaren mantenua hobetu dadin, lizitazio berri baterako prozesua ere martxan jartzeko eskatu du, "zerbitzua emateko beharrezko autobus kopurura egokitzeko, zein flota erabiltzaileen hazkundeak eta eskariek eskatzen dituzten kalitate eta segurtasun estandarretara egokitzeko". Azkenik, Avanza enpresaren eta langileen ordezkarien artean bitartekaritza lana egin dezala eskatu diote Aldundiari, "lan hitzarmena berritzeko akordioa ahalik eta azkarren lortzeko", eta, hala, "Avanzak kudeatzen duen Lurraldebuseko emakidako langileen lan baldintzak hobetzeko".