Debagoieneko Gurutze Gorriak, beste urte batez, Jostailu hezitzailea kanpaina jarri du martxan, zaurgarritasun egoeran dauden edo gizarte-bazterkeria jasan dezaketen bailarako 147 familietako haurrei jostailuak banatzeko Gabonetan. "Egun, Debagoienean bizi diren eta kalteberatasun egoeran dauden pertsonen oinarrizko premiak artatzeko lehentasuna dugu, bai adingabeek, bai adinekoek. Adinekoen arretarako programa bat dagoeneko martxan badugu ere, Gabonen inguruan, pobrezia-egoeran dauden Debagoieneko familietako 277 haurri jostailuak banatzeko asmoa dugu", azpimarratu du Javier Igartuak, Debagoieneko Gurutze Gorriko presidenteak.
Kanpainak, gainera, adierazi dutenez, "helburu hezitzailea" du, "jolasak norberaren nortasunaren garapenean eta pertsonen arteko harreman positibo eta eraikitzaileetan garrantzia" duela azpimarratuta. Hala, ohartarazi dute jostailu berriak jasoko dituztela soilik, eta horrez gain: "Ez belikoak, ez sexistak eta gizarte-balioetan hezkuntza-funtzio argia dutenak eta erakundearekin bat datozen errespetuzko eta lankidetzako jarrerak sustatzen dituztenak".
Boluntarioak zutabe
25 boluntario baino gehiagoko taldea dabil jardunean, eta bi fasetan dute banatuta kanpaina: alde batetik, jostailuak biltzea da asmoa, eta bestetik, udaletako gizarte zerbitzuekin lankidetzan, identifikatutako familiek banaketak egitea. Hori ahalbideratzeko, horrenbestez, kontu korronte zenbaki bat jarri dute dohaintza egin nahi dutenen eskura: ES52 3035 0050 72 0500751008. Horrez gain, Arrasateko Eroski hipermerkatuan izango dira egubakoitzean eta zapatuan, hilaren 13an eta 14an, jostailu-txekeak saltzeko eta jostailu berriak jasotzeko.