Aloñak nagusitasunez irabazi dio Mondrari hamaika gol izan dituen derbia

Eneko Azurmendi Barrena 2024ko abe. 6a, 19:25

Futbolean inoiz gutxitan ikusten den emaitza horietakoa izan da gaur Azkoagaingoa. Izan ere, Aloña Mendik 8-3 irabazi dio Mondrari. Hala, oñatiarrek aurreratu egin dituzte arrasatearrak, kinka larrian utziz.

Gol festa izan da gaur Azkoagain futbol zelaian; partidu eroa izan da, bereziki lehen zatia. Hogeigarren minuturako, lau gol eginak zituzten oñatiarrek. Gexan Anduagak bi gol egin ditu eta Julen Zelaiak eta Jokin Madinak besteak; azken hori, baloi geldian.

Ondoren, Mondraren erreakzioa iritsi da, Andoni Etxeberriaren bi golekin. Gainera, penalti baten bitartez, gol batera gerturatzeko aukera ere izan dute arrasatearrek, baina Iñigo Arizmendiarrieta kapitainak ez du gauzatzerik izan. Gero, Mondrak estutu egin du eta bazirudien hirugarren gola egiteko gai izango zirela Xuban Epelderenak, baina atsedenaldia baino lehen bosgarren gola sartuta, partidua oso bideratuta utzi du Aloña Mendik –Joseba Larreak egin du gol hori–.

Bigarren zatian, errenta handitu dute Gotzon Urzelairenek, Julen Zelaiak ezker hegaletik egindako jokaldiaren ostean sartu duen golari esker. Andoni Etxeberriak sartu du hurrengo gola, hat-tricka eginez, eta markagailuan 6 eta 3koa ezarriz.

Edozelan ere, partidu amaieran beste bi gol egin ditu Aloña Mendik. Gexan Anduagak bere hirugarrena sartu du eta azken minutuetan, Oier Guerreirok ezarri du 8 eta 3koa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak