Joera negatiboa aldatzea dute jokoan Aloñak eta Mondrak

Xabier Urtzelai 2024ko abe. 5a, 11:11

Ligan azkenaurreko postuan dagoen loña Mendik azken sei partiduetan puntu bat batu duen Mondra hartuko du egubakoitzean Azkoagainen (16:30). Bietako inor ez dago etxafuegoak botatzeko, baina derbia baliatu nahi dute joera aldatzeko.

Aloña Mendi eta Mondra ez daude bolada onean: hamaika puntu dituzte arrasatearrek eta hamar oñatiarrek. Eta elkarren kontra jokatuko dute bihar, egubakoitza (16:30), zubiagatik aurreratutako norgehiagokan. Ohorezko Erregional Mailara igotzeko urte ikusgarria egin eta gero, futbolaren bestelako aurpegia bizitzen ari dira bi taldeak aurten: nahia eta ezina. Arrasatekoek ez zuten liga hasiera ikusgarria egin, baina urri erdialdean jarraian eskuratutako bi garaipenek arnas apur bat eman zieten Xuban Epelderen mutilei. Bi garaipen haiek, baina, ez zuten jarraipenik izan, eta ez hori bakarrik: puntu bakarra batu dute ordutik hona. Biharko kontrario Gotzon Urzelairen Aloña Mendi ez dago hobeto. Etxeko bi garaipenei esker ez daude beherago, eta haiek ere hilabete daramate partidurik irabazi barik; hala, joan den astean Mutrikun lortutako puntua (1-1) biharko derbia irabazita borobildu nahi dute.

Bergara bai ondo

Bergara iazko bide beretik doa aurten ere, oso ondo. Iker Ruiz de Larramendiren mutilek urte ona egin zuten, eta bistan da hartua diotela neurria kategoriari. Mahoneroak sailkapeneko bigarren postuan daude. Bihar, sailkapenean azken postuan dagoen Vasconiaren (16:30) zelaian jokatuko dute. Baina gizonezkoak bakarrik ez, emakumezkoen mailan ere bergararrak nabarmentzen dabiltza, haiek ere bigarren daude-eta sailkapenean. Asteburuan atsedena izango dute, eta Hernani hartuko dute datorren astean.

Aretxabaletak, Deusto

Hirugarren mailan joan den astean etxean Durangoren kontra merezitakoa baino zigor handiagoa jaso ostean (1-2), Aretxabaletak Deustoren zelaian, Etxezurin, jokatuko du zapatuan (17:45).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak