Debagoieneko kaleak, argiztatzeko prest

Julen Murua Mesonero 2024ko abe. 5a, 11:04

Arrasateko Olarte kalea, Gabonetako argiekin apainduta.

Hemen dira Gabonak: gaur piztuko dituzte argiak bailarako zenbait herritan, eta martxan dira erakusleiho lehiaketak zein erosketa-bonuen kanpainak. Bertan kontsumitzeko deia egin dute merkatariek. Aretxarteren iragarkiak, beste behin, mezu hori zabaldu du.

Gabonak iristear dauden honetan, etxeko gelak apaintzen hasteaz gain, herrietako kaleak ere hasi dira kolorea hartzen. Hain zuzen ere, bailarako herri batzuetan gaur piztuko dituzte Gabonetako argiak. Aretxabaletako Aretxarte elkarteak ere aurkeztu du aurtengo Gabonetako iragarkia. Beraz, orain bai, esan daiteke Gabonak hemen direla.

Argiak pizteko prest

Arrasaten, Bergaran eta Aretxabaletan gaur piztuko dituzte argiak, eta urtarrilaren 6a bitartean argiztatuko dituzte herri horietako kaleak. Oñatin abenduaren 12an –urtarrilaren 7ra arte– eta Eskoriatzan 13an –urtarrilaren 6ra arte– piztuko dituzte argiak, eta, Elgetari dagokionez, abenduaren 23tik urtarrilaren 6ra bitartean jarriko dituzte argiak, udaletxeko eta kultur etxeko balkoietan. Antzuolari dagokionez, argiak jarriko dituzte herriko erdigunean; plazan, esaterako. Aramaioren eta Leintz Gatzagaren kasuetan, ez dute argirik jarriko. Inbertsioari dagokionez, hiru udalerritan egin dituzte handienak: Arrasaten 36.300 euroko inbertsioa egin dute, Bergaran gastatutakoa 24.000 eurokoa izan da eta Oñatiko kontratazioa 18.000 eurokoa izan da. Gainontzeko herrietan, gehiago edo gutxiago gastatu badute ere, ez dute bestelako inbertsiorik egin Gabonetako argiei dagokienez.

Tokiko komertzioak sustatzen

Urtero bezala, herritarrei tokiko komertzioetan erostera bultzatzeko hainbat ekimen jarriko dituzte martxan bailarako hainbat herritan; tartean, erosketa-bonuak eta erakusleiho lehiaketak. Arrasaten, esaterako, Gabonetan Arrasate Piztu Deigun kanpaina abiaraziko dute, beste urte batez, "herria bizirik mantentzeko, hainbat eragileren lanari aitortza" gisa. Arrasaten, Bergaran, Aretxabaletan eta Oñatin erakusleiho lehiaketak egingo dituzte. Gainera, Bergaran, Bedelkartxo letren lehiaketa egingo dute, eta Oñatin, urteroko erakusleiho lehiaketaz gain, Zortea Oñatiko dendetan dago! Gabonetako kanpaina jarriko du martxan Txanda elkarteak. Eskoriatzan eta Aretxabaletan erosketa-bonuak jarri dituzte; guztira 1.400 bonu izan dira Eskoriatzan, 14.000 euroko aurrekontuarekin, eta 875 izan dira Aretxabaletan, 17.500 euroko aurrekontuarekin; herritarrek tokiko komertzioetan kontsumitzeko hautua egin dezaten. Gainontzeko herrietan ez da erosketa-bonurik edota erakusleiho lehiaketarik espero.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak