Debagoieneko Mankomunitateak, Bizi natura familian izenpean, hainbat ekintza antolatu ditu datozen egunetarako: bihar, esate baterako, egun batez artzain izateko aukera izango da Gomiztegin, 10:30ean hasita; Bergaran, berriz, Laboratorium museoan dagoen The Black Box (Kutxa Beltza) erakusketa ezagutzekoa, 11:30ean; eta Oñatin, Txokolateixia Interpretazio Zentroa, 12:00etan. Arratsaldean, espeleologia egin ahalko da familian Arrikrutzeko koban, 15:00etan hasita, gazteleraz; eta 15:30ean, Pottokaleku bisitatu. Horrez gain, Kandelen Gaua ospatuko dute Oñatiko Sancti Spiritu unibertsitatean, 17:30etik 19:00etara, eta doakoa izango da sarrera.
Ekintza gehiagoren berri
Etziko, hilaren 7rako, lau ekintzaren berri eman du Mankomunitateak: Laboratorium museoa familian ezagutzeko aukera izango da, 11:00etan; eta 12:00etan (euskaraz) eta 13:00etan (gazteleraz), Leintz Gatzagako Gatz Museoa. Oñatin, berriz, bi aukera izango dira: Txokolateixia Interpretazio Zentrora bisita, 12:00etan, eta Pottokalekura, 15:30ean.
Hilaren 8an, domekan, Arantzazuko altxor galduen bila ekintza izango da, goizeko hamaiketan, Parketxean, eta Ilunpeko altxorrak irteera, berriz, euskaraz, Arrikrutzen, 15:00etan. Pottokaleku aurreko egunetako ordu berean bisitatu ahalko da: 15:30ean.
Ekintza horietan parte hartzeko, ordea, izena ematea beharrezkoa da: 943 79 64 63 telefono-zenbakian edo infoturismo@debagoiena.eus helbidean.