Enpresa batzordeak "aho batez" erabaki ondoren, Avanzako langileek abendurako greba egunak iragarri dituzte, ELA sindikatuaren esanetan, "azaroan hiru greba egun antolatu arren, enpresak ez baitu langile batzordearengana gerturatzeko asmorik erakutsi".
Langileek greba egunaren bezperako 22:00etan utziko diote lan egiteari, eta greba egunaren ondoren, goizaldeko 02:00ak arte luzatuko dute: hau da, biharko greba egunari, esate baterako, gaur ekingo diote 22:00etan, eta abenduaren 6ko 02:00etan amaituko da. Horrela izango da, horrenbestez, greba egunak iragarri dituzten hurrengo egunetan ere: abenduaren 9an, 20an, 21ean eta 22an.
Egun horietan guztietan mobilizazioak ere egingo dituzte: bihar, manifestazioa egingo dute Eibarren, eta elkarretaratzea, berriz, Gasteizen; hilaren 9an, manifestazioa eta elkarretaratzea Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean; 20an, Bilboko autobus geltokira joko dute; 21ean, Donostiara berriro ere; eta azkenik, 22an, Arrasatera, manifestazioa egingo baitute. Gainera, gogoan izan behar da egun horretan ospatzen dituztela arrasatearrek santamasak, eta, horrenbestez, greba eguna izanik, murrizketak izango direla autobus zerbitzuetan.