Mende erdi igaro da haurren lehen bertso eskola sortu zenetik, hain zuzen ere, Almeneko bertso eskola, eta horri "omenaldi bat" egin nahi izan dio Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak. Hala, han jardun zutenetako bi izango dira protagonista hilaren 14an Donostiako Illunben jokatuko den finalean: Arantzazu Loidi aretxabaletarrak jantziko dio txapela txapeldunari, eta Patxi Goikolea arrasatearrak, berriz, 25 urtez azpiko bertsolari onenaren saria emango du.
Bertsozale Elkartearen hitzetan, "azken hamarkadetako bertsolaritzako izen propio bat da" Loidirena: Almeneko haurren lehen bertso eskola hartako ikasle izan zen, eta "bertsolaritzaren alde eta ertz ugari" bizi izan ditu: "Hasi bertsoak abestetik, eta berauek ikertzeraino, gaiak jartzetik eta epaitzetik pasatuta. Lehen plaza gazte egin zuen, artean neskatila zela, eta berau zen bakarra: bere belaunaldian plazarako saltoa eman zuen lehen emakumea izan zen, eta izendapen horrek ardaztu zuen bere ibilbidea".
Goikolea, berriz, "Loidi eta bere belaunaldi-kideak hauspotzen" aritu zen, Joanito Akixu eta Xanti Iparragirrerekin batera: "Hiruak bildu eta Debagoieneko bertsozaletasuna hauspotzeko ardura hartu zuten, eta bai lortu ere. 1974ko larunbat goizetan ekin zioten biltzeari, bertso zaharrak abesten: 125 haurrek eman zuten izena. Handik, bertso eskolan jarraitzeko interesa zuten ikasleekin Apotzagako elkartera pasatu ziren". Hala, elkartearen esanetan, hirukote horrek emandako pausoa "aitzindaria" izan zen.