Lankidetza-hitzarmena berritu dute BPTDk eta Enpresarek

Amaia Ramirez de Okariz Kortabarria 2024ko aza. 29a, 10:47

Alain Vivas eta Iñigo Perez-Arregi lankidetza-hitzarmenaren sinatzean. Irudia: Enpresare.

Bi elkarteak 2020tik dabiltza elkarlanean, eta akordioa berritzea "beste urrats bat" dela azaldu dute, biek "partekatzen dituzten helburuak sendotzeko eta finkatzeko".

BPTDk, Debabarreneko industria elkarteak, eta Enpresarek, Bergarako eta inguruetako industria enpresen elkarteak, lankidetza-hitzarmena berritu eta "indartu" dutela jakinarazi dute, eta aliantza horrek helburu duela "elkarte horiek lehendik zuten harremana sendotzea, proiektu komunak eta lankidetza-ekimenak sustatuz". Are gehiago, erantsi dute bi elkarteek "konpromiso sendoa" dutela "industria-sarea hobetzeko", eta "asmoa argia: aurkezten zaizkigun erronkei aurre egitea, enpresen arteko sareak indartuz".

Hain zuzen ere, atzo, hilaren 28an, egin zuten akordioa sinatzeko ekitaldia, eta Iñigo Perez-Arregik, BPDTko presidenteak, "enpresa-sareak indartzeak" dakarrenean egin du azpimarra: "Gure industria-enpresek proiektuetan batera parte-hartzeko aukera ematen du, jarduera ekonomikorako aukera berriak sortuz eta lehiakortasunean irabaziz". Alain Vivasek, berriz, Enpresareko lehendakariak, erantsi du: "Gaur egun, enpresa industrialek dituzten erronkak ez dira gutxi, baina uste dugu lankidetzatik errazago gaindituko ditugula. Batasunak indartsuago egiten gaituelako, eta horri esker hazteko aukera berriak sor daitezkeelako gure enpresetan".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak