Osakidetzako Zuzendaritza Nagusiak eta osasun zerbitzuan ordezkaritza duten sindikatuek mahai sektorialean akordioa lortu ondoren, uztailean iragarri zituzten Osakidetzako hauteskunde sindikalak, eta gaur da eguna. 82 bozketa-mahai prestatu dituzte langileen 355 ordezkari hautatzeko –azkeneko aldian baino 39 gehiago dira– Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta goizean goizetik daude hauteslekuak zabalik: ospitaleetan, hain justu, 07:00etatik 23:00etara dute botoa emateko aukera; eta gainontzeko lekuetan, esaterako, larrialdietan eta lehen mailako arretako zentroetan, 08:00etatik 20:00etara.
Gaur-gaurkoz, Satse sindikatuak du ordezkaritza zabalena Osakidetzan, 78 ordezkarirekin, eta hurrenez hurren du ELA, 74rekin; LABek, berriz, 42 ditu, eta Arrasateko ezker abertzaleak, horrenbestez, ohar baten bidez, sindikatu hori bozkatzeko deia egin du: "Arrasaten bat egiten dugu Debagoieneko ospitale zein osasun etxeetan langileek bizi behar duten egoerarekin: interitate amaigabea, osasuna pribatizatzeko Osakidetza egunero baliabidez nola husten den pairatzea, gaixotzen gaituzten itxaron zerrendak... (...) Debagoienean argi dugu LABek urteetan egindako lana babestu eta bere aldeko indarrak biderkatzeko unea dela".