Debagoienean bakarrik bizi diren adinekoei laguntzeko programa abian du Gurutze Gorriak; gaur-gaurkoz, ia ehun boluntariok osatzen dute taldea, baina gehiagoren beharra dutela adierazi du Marta Usabiagak, Gurutze Gorriko boluntarioak eta proiektuko kideak: "Hilabetean behin pare bat orduz bisitatu nahi ditugu, bikoteka, bakarrik bizi diren eta Gurutze Gorriaren ahultasun-irizpideak betetzen dituzten pertsona horiek". Horretarako, erantsi du ez dela aurretiazko prestakuntzarik behar, "enpatia eta jarrera ona baino ez: Eskainitako denbora aldakorra izan daiteke, pertsona bakoitzak lagundu dezakeenaren eta lagundu nahi duenaren arabera".
Boluntarioen antolaketari dagokionez, Elorregiko egoitzatik koordinatuko du Gurutze Gorriak, eta, era horretan, bailarako herri guztietara –Aramaiora izan ezik– heltzea dute helburu. Hala, interesa izanez gero, bi bide jarri dituzte herritarren eskura: 943 76 55 76 telefono zenbakia edo altodeba@cruzroja.es helbide elektronikoa.