"Matx-era batzen direnei eskerrak emateko modua da. Hasierako asmoa zen lehenengo mila lagunei zuzenean bizikleta elektriko bat oparitzea, baina erabaki dugu zozketarekin batera hobe dela mila musu banatzea. Musu horiek nork emango dituen erabakitzen ari gara", adierazi dute proiektuko kideek.
Kirola bai, eduki ganberroa ere bai
Matx sare sozialean edukiak izango dira proiektuaren indargune nagusia. Hori horrela, kirolaren bestelako ikuspegi bat erakusteko ikus-entzunezko ganberroak ekoiztearen aldeko apustua egingo dute. "Galdu edo irabazi, kirolaren alde dibertigarria erakutsiko dugu, taldeen arteko erronkak bultzatuko ditugu, desafioak sortu, elkarrekin barre egin. Eta, horretarako, kirol ekitaldietan egongo gara, lasterketetan...", adierazi du Aratz Losadak, Matx-eko eduki-arduradunak. "Eta, horrekin batera, lurraldeko klubekin hartu-eman zuzena izan nahi dugu. Denbora daramagu taldeen arteko desafioak grabatzen, eta kluben eta kirolarien partetik jaso dugun erantzuna ederra izaten ari da". Baina, sare soziala den neurrian, erabiltzaileak eurak egongo dira erdigunean, eta euren bideo, argazki eta bestelakoak partekatu ahal izango dituzte: "Kirolarien, taldeen eta kirolzaleen komunitatea josi nahi dugu", gaineratu du Maria Balzategik, proiektuko komunitate-arduradunak: "Garbi esanda, kirol arloko erabiltzaileek eskatu dizkiguten behar eta funtzionalitateak jaso ditugu Matx-en".
Abantailak
Matx.eus-ek hainbat abantaila eskainiko dizkio bertan erregistratzen den erabiltzaileari. Alde batetik, Matx-ek sortzen dituen edukiak osorik ikusteko aukera bakarra izango da –orain arte, Instagramen eta Tiktoken egon dira–.
Bestetik, interesen araberako albisteak jasotzeko aukera ere eskainiko du; hau da, kirol modalitatea, herria, bailara… aukeratuz, haiei loturiko albisteak irakurri ahal izango ditu erabiltzaileak. Eta klubentzako leiho berri bat ere izango da, euren berri emateko eta zaleengandik gertu egoteko euskarazko plataforma.
Erregistratu eta irabazi
Matx.eus-en izena ematea oso erraza da: Matx.eus webgunera jo, Sortu kontua botoiari eman eta bertan eskatzen diren datuak betez, sistemak automatikoki gomendatzen ditu zure interesekoak izan daitezkeen erabiltzaileak eta gaiak.
Esan bezala, abenduaren 8a baino lehen erregistratzen diren guztien artean opari-sorta eder bat zozketatuko da: Euskaltel Euskadiren maillot bat, Eusko Label Winter Series txapelketako jaialdi baterako bi sarrera eta Forum Sport-en 300 euroko erosketa-bonu bat. Aprobetxatu aukera eta egin bat tokiko kirolaren komunitatearekin!