Agerreko uzta, euskarari puzka lelopean, "urteroko auzolan erraldoia" egin zuen joan den zapatuan, hilaren 9an, "Errigorako komunitate osoak", eta saski ekologikoen 4.000 ale prestatu dituzte. "Goiz osoko lan giroan egin genuen, denon artean. Horrez gain, parada izan genuen zonaldeko errealitatea ezagutzeko: Erriberako AEK-ko, Lodosa ikastolako eta Agerraldia-ko kideak izan genituen auzolanean", azaldu dute Errigorako kideek.
Eguenean, azaroaren 14an, amaitzen da kanpaina, eta, hala, han bildutako berrehun lagunek "elkartasuna biderkatzeko" deia egin diete euskal herritarrei, horretarako saskiak eskatzekoarekin batera: Errigorako webgunean egin daiteke, eta saski gorria, berdea eta beltza daude aukeran; horrez gain, Agertuz karta jokoa ere eska daiteke.