Euskaraldiaren hamaikakoa aurkeztu dute gaur goizean Bilboko Bidebarrieta kulturgunean, "ekimenaren enbaxadore" izango diren hamaika herritarrez osatutako taldea, "komunikazioa, kirola, musika edo sukaldaritza bezalako esparruetan aritzeagatik" ezagunak direnak, antolatzaileen esanetan: Eneko Atxa, sukaldaria; Oihana Azkorbebeitia, mendi lasterkaria; Eneko Garcia (Albina Stardust), trabestia; Aitor Bengoetxea, musikaria eta break dantzaria; Lutxo Egia del Rio, idazlea; Mikel Urrutikoetxea, pilotaria; Itziar Ituño, aktorea; Roberto Moso, komunikatzailea; Ana Goitia, kazetaria, aurkezlea eta umoregilea; Zibel Untsain, dantzaria; eta Esti Urresola, zinemagilea.
Taldea "anitza" dela azaldu dute antolatzaileek, eta "inoren ordezkari izan gabe, modu pertsonalean eta borondatez" arituko direla: "Enbaxadore diren heinean, konpromiso pertsonalak hartzeaz gain, beren inguruko kideei ekimenaren eta beren erabakiaren berri emango diete, eta euskara ulertzen duten hamaika lagun, senide, kide edo ezagunei Euskaraldian parte hartzeko gonbita luzatuko diete".
Eragiteko asmoz
Goiatz Urkijok, Euskaraldiko koordinatzaileak, nabarmendu du hamaikakoa osatzen dutenek "erabileran aurrerapausoak ematera eta hizkuntza-portaerak aldatzera animatuko" dituztela herritarrak, Euskaraldiak horretarako testuingurua eskaintzen duelakoan: "Horretarako, Euskaraldia zabalduko duten pertsonak dira giltzarri. Gaur hemen bildu diren hamaika lagun hauen moduko pertsonak".
Hamaikakoa osatzen dutenek, berriz, Euskaraldiaren gonbidapena "ilusioz eta erantzukizunez" jaso dutela adierazi dute. "Euskaraldian parte hartuko dut nire burua modu kontzientean euskara gehiago erabiltzera behartzeko; eta enbaxadore naizen aldetik, erabaki hori besteekin partekatzea, eta haiek ere parte izatera gonbidatzea, ederra iruditu zait", adierazi du Garciak. Urresolak, bere aldetik, ekimenaren "garrantzia eta beharra" azpimarratu ditu: "Ariketaren jatorria Laudion zein beste zenbait tokitako ekimenetan dago, baina Euskal Herri mailan izan duen erantzuna eta ibilbidea ikusteak horrelakoen beharra badela erakusten du".