Mahai-inguru ireki batek eta elkarrizketa batek osatuko dute Euskara eta disidentzia zikloa. Lehenengo hitzordua azaroaren 13an izango da, 18:30ean, Kulturateko Jokin Zaitegi gelan. Sexu eta genero disidentzia euskaratik egiteko hautu politikoaz jardungo dute Arrasateko Morbor eta Aretxabaletako Lohixak talde transfeministetako kideek. Hiruki Larroxako kide Garazi Beramendik gidatuta, erabaki horren arrazoien, zailtasunen eta aukeren inguruko gogoeta partekatuko dute Eta Debagoienetik, zer? izenburuko mahai-inguruan.
Hurrengo saioa ordu eta toki berean izango da, baina azaroaren 26an: Marta Luxan eta Jone Miren Hernandez EHUko ikerlariak gonbidatu dituzte Ekin Emakumeak eta AED elkarteek, euskararen erabileraren ustezko feminizazioaz egin duten irakurketa kritikoaren berri eman dezaten. Izan ere, genero rolek XX. mendetik hona euskal hiztunaren eraikuntzan izan duten eragina aztertu dute.