Hamar herritarretatik bat baino gutxiago –zehazki, %7,83– dago langabezian Debagoienean, aurreko hilabetean baino %0,50 gehiago. Hain justu, Gipuzkoako Lan Behategiaren datuei erreparatuz gero, Arrasaten dago langabeen kopururik handiena eta baita langabezia-tasa altuena ere: gaur-gaurkoz, 1.100 pertsona daude lanik gabe eta %11,02koa da tasa. Hurrenez hurren, berriz, Eskoriatza (168 langabe eta %8,04ko langabezia-tasa) eta Bergara (532 langabe eta %7,47koa langabezia-tasa) ditu.
Ez dira, ordea, langabeziak gora egin duen herri bakarrak izan, iraileko datuekin alderatuta, horrela gertatu baita Aretxabaletan eta Elgetan ere: %5,70eko eta %5,95eko langabezia-tasak erregistratu dituzte bi eremu horietan.
Antzuolako egoerari dagokionez, irailean baino hiru langabe gutxiago –guztira, 56 zenbatu dituzte– daude, eta %5,18koa da langabezia-tasa; Oñatin, berriz, 305 pertsona daude lanik gabe –309 ziren irailean–, eta %5,62koa da tasa.
Aramaioko eta Leintz Gatzagako egoera ez da jakinekoa zein den, bost langabe baino gutxiago direnean ez baitu datu zehatza ematen Lan Behategiak.