Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Lankuk, lurraldeko adinekoen egoitzekin lankidetzan, Bertso bira ekimenaren bederatzigarren edizioa antolatu dute. Aurrez Adin-adin izenez ezagutzen zen proiektuari esker, udazkenean zehar 30 bertso saio egingo dituzte adineko egoitzetan, egoiliarrei bat-bateko bertsoei esker gozatzeko aukera emateko. Helburua da bertsolaritzari esker erabiltzaileen bizi-kalitatea hobetzea, haien gaitasun kognitiboak sustatzearekin batera.
Hiru saio Debagoienean
Debagoienean hiru saio egongo dira. Lehena Bergaran izango da, azaroaren 5ean, 17:30ean. Andoni Egañak eta Ainhoa Agirreazaldegi elgetarrak Mizpirualde egoitzan kantatuko dute. Bigarren saioa Arrasaten izango da, azaroaren 7an, 11:00etan. Anjel Mari Peñagarikano eta Maider Arregi oñatiarra Iturbide egoitzan izango dira. Azkenik, azaroaren 8an, Peñagarikano eta Ane Zuazubiskar arrasatearra Aretxabaletako GSR Debagoienan izango dira, 11:00etan.