Kooperatibak: gehigarri berezia

Eduardo Calvo: "ONNERA GROUP dena, hein handi batean, sortzaileei esker da"

Babestutako edukia 2024ko urr. 31a, 09:00

Eduardo Calvo, ONNERA GROUPeko zuzendari nagusia.

ONNERA GROUP kooperatiba –nazioarteko enpresa-taldea– sukaldaritzarako, garbiketarako eta hotz-aplikazioetarako ekipamendu-soluzioak eskaintzen ditu. Eduardo Calvo zuzendari nagusiak kooperatibaren nondik norakoen berri eman du, eta besteak beste 50. urteurrena izan du hizpide.

Askotariko sektore, merkatu eta herrialdeetan lider diren markak biltzen ditu ONNERA GROUPek; besteak beste: Asber, Fagor Professional, Efficold, Edenox, Danube, Domus eta Primer. Produktuak bost kontinenteetan merkaturatzen dituen talde globala da. Zazpi fabrika ditu munduan zehar estrategikoki banatuta –Euskal Herrian, Espainian, Frantzian, Polonian eta Mexikon–, baita merkatu bakoitzera egokitutako soluzio ugari eskaintzeko gai diren 2.300 profesional baino gehiago ere.

Urte berezia da aurtengoa ONNERA GROUP kooperatibarendako, besteak beste, 50 urte betetzen dituelako; nola ari da ospatzen kooperatiba urrezko ezteiak?

Era berezian eta ilusioz ospatzen dihardugu urteurren hau, ekitaldien bidez proiektu hau posible egin duten eta egiten dutenei eskerrak emanez. Bazkide fundatzaileen testigantzekin gure sorreraren lekukotza jasotzen duen liburu bat argitaratu dugu, gaur arte Fagor Industrial izan denaren gako nagusienak islatuz. Maiatzaren 10ean Jubilatuen Eguna ospatu genuen: bulego, lantegi eta showroom-era bisita gidatua egin, eta Arantzazun bazkari eder batekin borobildu genuen. Maiatzaren 24an, berriz, Batzar Orokorra egin genuen Oñatiko kiroldegian, eta bertan sortzaileei omenaldi bat egin zitzaien; bazkari erraldoi batekin bukatu zen. Eta Oñatiko herriarekin urtean zehar hainbat ekimenetan parte hartuz ospatu dugu, hala nola Arantzazuko dokumentalaren estreinaldian parte hartuz edota Aloñako Igoeran babesle ofizial izanez.

"IZENAREN ALDAKETAREN XEDEA EGUNGO EGITURA KORPORATIBOA HOBETO ISLATZEA DA"

Maiatzeko Batzar Orokorrean sortzaileak omendu zenituzten; nola joan zen?

Oso ondo. Gaur egun ONNERA GROUP dena sortzaileei esker da, hein handi batean. Orain 50 urte proiektu kooperatiboan sinistu, martxan jartzeko adorea izan eta esfortzuz eta konpromisoz aurrera eraman zutelako. Egungo bazkideek legatu eder hau eskertu nahi izan diete omenaldi xume bezain bero batekin.

Batzar hartan beste erabaki garrantzitsu bat hartu zuten bazkideek: enpresari izena aldatzea. Fagor Industrial bezala jaio zena ONNERA GROUP da gaur egun; Zer dela-eta izen aldaketa?

Aldaketaren xedea egungo egitura korporatiboa hobeto islatzea da, taldeak hainbat marka komertzial eta filial barne hartzen baititu. Eguneratze horrek identitate korporatiboa modu argian eta eraginkorrean komunikatzen lagunduko du.

Merkatu globaleko presentzia indartzen jarraitzea da ONNERA GROUPen helburuetako bat; non, zein herrialdetan, jarduten du, batik bat?

"ESPAINIAN ETA POLONIAN LIDERRAK GARA ETA EUROPAKO BESTE MERKATUETAN HAZTEN GOAZ"

Espainian eta Polonian liderrak gara, eta Europako beste merkatu batzuetan pixkanaka hazten goaz hainbat sektoretan gure presentzia handituz. Gure hazkunde esanguratsuena AEBetan eta Mexikon izan da, batik bat.

370 milioi euroko fakturazio-zifra aurkeztu duzue azken Batzar Orokorrean; urte ona izan zen iazkoa?

Bai, 2023a urte ona izan da emaitza ekonomikoari dagokionez, ONNERA GROUPeko negozio guztietan fakturazio-zifrak gestio plana gainditu baitzuen. Eta nabarmentzekoa da, era berean, fakturazio horrek lortutako EBITDA, %12,6koa. Emaitza on honen atzetik pertsona talde konprometitu bat dago. Eta, bide batez, lerro hauen bidez eskerrak eman nahi dizkiet hau guztia posible egiten dutenei.

Zein da aurreikuspena aurtengo?

2024ko gestio planak fakturazio-zifrari dagokionez %2,5 haztea aurreikusten du; eta emaitza ekonomikoa portzentaje berean aurreko urtearekiko hobetzea. Ildo horretan, ONNERA GROUP osatzen duten filial guztien errentagarritasunean jarri dugu arreta. Momentuz, orain arteko eboluzioa jarraituta, lortu daitekeen helburua dela esan dezakegu.

"IRAUNKORTASUN ESTRATEGIARI ERANTZUNEZ, GIZARTEA ERALDATU GURA DUGU"

Gaur egun, zein da ONNERA GROUPen erronka nagusia?

Garapen iraunkorrean oinarrituta, berrikuntza eta teknologian punta-puntako diren produktuak garatzen jardutea gure bezeroen beharrei hobekien erantzuteko.

Ingurunean txertatuta dagoen kooperatiba-enpresa da ONNERA; zenbateraino da garrantzitsua ONNERA taldearendako ingurune hurbilean eragitea?

Gure kooperatiba izaerari eta iraunkortasun estrategiari erantzunez gizartea eraldatzea da gure erronketako bat. Eta horretan dihardugu etengabe, gure inguruko proiektuak babestu eta lagunduz.

50 urte tokian errotu, eta kanpora begira

Oñatin du egoitza ONNERA GROUP kooperatibak. Mondragon Korporazioko kidea. Nazioarteko enpresa-taldea da, eta sukaldaritzarako, garbiketarako eta hotz aplikazioetarako ekipamendu-soluzioak eskaintzen ditu.

Aurten 50 urte bete ditu ONNERA GROUPek – lehengo Fagor Industrial–. Kooperatiben Kontseiluak hil honen hasieran Bilbon egindako ekitaldian omendu zuen, Euskal Herriko beste 68 kooperatibarekin batera; horietako hiru, Debagoienekoak: ONNERA GROUPez gain, Ikerlan eta Lagun Aro Zerbitzuak. Lurraldean oso errotuta dauden enpresak direla nabarmendu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak